Heriotza

Gotzon Garate idazle, filologo eta euskaltzalea hil da

Euskal Filologiako ikasketak berak jarri zituen abian Deustuko Unibertsitatean, 1976an. Euskarazko literaturan eta saiakeragintzan lan oparoa utzi du; besteak beste, marxismoaren ikerle handia izan da. 1934an jaio zen Elgoibarren (Gipuzkoa), eta jesulaguna zen.

2008ko urriaren 8a
18:37
Entzun
Hilabete luzetan minbiziarekin gaixorik egon ondoren, gaur goizean hil da Bilbon Gotzon Garate (Elgoibar, 1934) idazle, filologo, euskaltzale eta jesulaguna. Bihar eguerdian emango diote lur, Loiolan, Azpeitian (Gipuzkoa). 19:00etan hasita hileta elizkizuna izango da Deustuan, Bilbon.

Jakintza eta ezagutzan sakontzen eta euskara bultzatzen lan handia egin zuen bizitza osoan zehar. Hala, Madarilgo Unibertsitate Complutensean Filosofian doktoratu zen; Teologian Innsbruckeko Unibertsitatean, eta Filologia Erromanikoan lizentziatu Deustuko Unibertsitatean. Hain zuzen ere, azken unibertsitate horretan Euskal Literaturako katedradun zen, eta berak jarri zituen abian Euskal Filologiako ikasketak 1976an.

Idatzizko obra oparoa utzi du Garatek, hainbat alorretan. Literaturan narraziogintza eta eleberrigintza landu zituen; besteak beste, nobela beltza euskaraz lantzen aitzindarietako bat izan zen. Saiakeraren arloan marxismoaren ikerketan nabarmendu zen, eta pentsamendu horrek nazio askapenarekin zituen harremanak landu zituen bereziki. Hizkuntzalaritzaren arloan atsotitz eta esakuneak biltzen egin zuen lan handia. 1967an abiatu zuen bilketa lan hori eta 1995ean argitaratu zuen Euskal atsotitzak.

Hizkuntzak ikastea izan zuen beste zaletasun handietako bat, eta bederatzi hitzegiten zituen. Euskal Herritik kanpo hainbat egonaldi egin zituen, hain zuzen ere, hizkuntzetan trebatzeko.

Arlo akademikotik gaindi, euskararen normalizazio eta erabilera bultzatzen atsedenik gabe lan egin du. Horregatik guztiagatik, Durangoko Azokak Argizaiola Saria eman zion2005ean.

Informazio gehiago Literaturaren Zubitegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.