Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzen izan da gaur Marian Beitialarrangoitia (EAE-ANV) Hernaniko (Gipuzkoa) alkatea, Fernando Grande Marlaska epaileak deituta, herriko parke batek Jose Manuel Ariztimuño Pana- ETAko kide izandakoaren izena duelako, eta epaileak parketik Ariztimuñoren izena herri izendegitik kentzeko agindu dio, bestela "erantzukizun kriminala" izan daitekeelakoan. Bide batez, libre utzi du Beitialarrangoitia, kargurik gabe.
Grande Marlaskak Ertzaintzari agindu dio ETAko kide zenari buruz dauden ikur publiko denak erretiratzeko; hain zuzen, parke hartan dauden monolitoa eta plaka.
Hernaniko alkatea 10:45ean sartu da auzitegian, Iñigo Iruin abokatuarekin batera, eta ordu eta erdiz egon da. Beitialarrangoitiak ez du galderarik erantzun baina bukaeran esan du berak ez duela zerikusirik izen hura jartzearekin, 1982an jarri ziotelako eta berak 14 urte zeuzkala. Gudarien Enparantzak daraman izenaz ere hitz egin behar izan du, eta adierazi du 1936ko gerran hildako 200 herritarren omenez jarri ziotela plazari izena.
Maiatzaren 12an ere deitu zuten deklaratzera. Orduan euskal presoei "maite zaituztegu" esateagatik inputatu zuen orduan Baltasar Garzon epaileak.
Fiskala kontra
Fiskaltzak oraingo auzia abiatzeko arrazoirik ez dagoela argudiatu arren, Dignidad y Justicia elkartearen kereila ontzat eman eta gaur inputatu gisa deklaratzera joateko agindu zion Marlaskak Hernaniko alkateari.
Udalak parkeari izena aldatzeko eskaria jaso zuela nabarmendu zuen Marlaskak, eta Beitialarrangoitiak ez zuela eskaria bete.
Pedro Rubira fiskalak, orduko kereila tramiterako ez onartzeko, argudiatu zuen ez ziola Beitialarrangoitiak jarri parkeari izena, eta gaur berretsi egin du hori. Dignidad y Justiciak eta Ermuako Foroa akusazio partikularrek parkeari eta aipatutako plazari izen horiek kentzeko eskatu dute, baita Udalak bere garaian Ariztimuño herriko semetzat hartu zuen erabakia bertan behera uzteko ere. Fiskalak "zilegitzat" jo ditu eskaera horiek, baina gogoratu die bidea ez dela penala -hortik jo dute-, baizik eta kontentzioso administratiboarena.
Ariztimuño (Hernani, 1956-Gasteiz, 1981) 1981eko martxoan Gasteizko Florida parkean izandako tiroketan hil egin zuten zibilez jantzitako 30 bat polizik. 1982an osoko bilkura berezi batean onartu zuen Hernaniko Udalak parkeari 'Pana' izena jartzea. 1981eko ekintza "benetako segadatzat" jo zuten orduan herri erakundeek. Artean parkea eraikuntza lanetan zegoen.
Politika
Grande Marlaska epaileak parketik Ariztimuñoren izena kentzeko agindu dio Hernaniko alkateari
Marian Beitialarrangoitia Espainiako Auzitegi Nazionalean izan da gaur, herriko parke batek 1982tik ETAko kide izandakoaren izena duelako. Epaileak kargurik gabe libre utzi du, eta Ertzaintzari agindu dio Ariztimuñori buruz dauden ikur publiko denak erretiratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu