"Terrorismoaren biktmen" elkarteekin bilera egin du gaur Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak, eta tartean ziren ETAren biktimen elkarteak. Haiek eskerrak eman dizkie "Espainian terrorismoa garaitzeko ezinbestekoak" izan direlako.
Bilerari buruzko oharra atera du Ministerioak hura amaitu bezain pronto, eta espetxe politikaren aldaketa aipatu ez badu ere, horretaz ari dela ulertzen da "legezkotasun printzipioa" aplikatuko duela esan diela dionean. Ezin dela "beste modu batera" izan nabarmendu die Marlaskak biktimei, "aterkipe horretan bakarrik eraiki daitekeelako konfiantza, aurretiazko informazioarekin eta transparentziaz" arituta.
Biktimekiko "konpromiso sendoa" duela nabarmendu die Barne ministro berriak: "Zuen alboan egongo gara beti, babesten, eta zuen memoria eta duintasuna omentzen". Gainera, "justiziaren eta egiaren" alde egingo duela ohartazi die, eta ez duela onartuko errelatoa "manipulatzerik".
Espetxe politika "berezia" bukatzeko eskatu du Barkosek
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak espetxe politika aldatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari; hain zuzen, "espetxe politika arruntera itzultzeko" galdegin du, eta bukatzeko euskal presoekiko "politika bereziak". Barkosek gogoratu du bere gobernuak eta Nafarroako Parlamentuak "behin eta berriro" eskatu dutela aldaketa hori.
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria datorren astelehenean Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu berriarekin bilduko da, Madrilen, Moncloan. Jaurlaritzaren eskaera da Gernikako Estatutua betetzea; besteak beste, espetxe eskumena igortzea Madrilek.
Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiak adierazi du "ezinbestekoa" dela "ahal den adostasun zabalena" lortzea espetxe arloan. Uste du badaudela "lege baldintzak" aurrerapausoak emateko presoak gerturatzeko, neurri humanitarioak hartzeko eta gizarteratzea indartzeko. "Errespetua" agertu du Espainiako gobernu berriarekiko, baina aitortu du kartzela arloan haren lehen urratsak "logikoak" direla.
Atzo, Koldo Martinezek (Geroa Bai), Adolfo Araizek (EH Bildu), Tere Saezek (Ahal Dugu) eta Jose Miguel Nuinek (Ezkerra) kartzela politika desberdin bat eskatu zuten, Iruñean, Foro Sozial Iraunkorrak antolatutako Garai berrietan espetxe politika berria mahai inguruan. Joan den astean, gizarte zibileko hainbat lagun ezagunek hizpide bera izan zuten Foro Sozialak antolatutako jardunaldi batean.