Legez Kanporatzea

Grande-Marlaskak Usurbilgo Aitzaga elkartea bi urtez ixteko agindu du

Fiskalak atzo egindako eskaria bete du Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak eta Usurbilgo (Gipuzkoa) Aitzaga elkartea bi urtez ixteko agindua eman du. Ustez, BEC-eko ekitaldi politikoa antolatzeko bilera "baimentzeagatik" eman du Grande-Marlaskak elkartea ixteko agindua.

2006ko otsailaren 10a
19:39
Entzun
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen autoak dioenez, Guardia Zibilari dagokio Usurbilgo Aitzaga elkartea ixtea eta Ertzaintzak babestu beharko du zeregin horretan. Fiskalak eta akusazio partikularrak elkartea ixteko eskaria egin zuten atzo. Gaur, Auzitegi Nazionaleko epaileak elkartea bi urtez ixteko agindua eman du fiskalak eta akusazio partikularrak egindako eskariari erantzunez.

Grande-Marlaskaren aginduz Aitzaga elkarteko hiru ordezkarik deklaratu zuten, atzo, Auzitegi Nazionalean. Elkarteko arduradun izategatik talde armatuari laguntza ematea egotzi zieten.

Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionalera urtarrilaren 30ean bidalitako txostenaren arabera, Usurbilgo (Gipuzkoa) Aitzaga elkartean BEC-eko ekitaldia prestatzeko bilera egin zuten. Txostenak dio "modu diskretuan" bildu zirela Aitzaga elkartean joan den urtarrilaren 19an.

Jesus Mari Errekondok, Koldo Lizasok eta Arantxa Manterolak, FernandoGrande Marlaskaren aurrean deklaratu zuten. Aitzaga elkarteko arduradun izateagatik, “kolaboratzaile” gisa inputatu dituzte hirurak. Batasunaren jarduerak bi urtez etenda mantentzeko urtarrilaren 17an Espainiako Auzitegi Nazionalak kaleratutako autoan oinarrituta fiskalak eta akusazio partikularrak elkartea ixteko eskaria egin zuten.

Itxieraren zain

Hainbat herritar hurbildu da gaur Aitzaga elkartera berria ezagutu bezain laster epailearen agindua salatzera. Bertan egon dira, besteak beste, Joseba Permach eta Arnaldo Otegi Batasuneko mahaikideak. Permachek honela galdetu dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari: "Hau al da ezker abertzaleari bide politikoa hautatu dezan egiten diozuen eskaintza?". Permachen hitzetan, horrelako agindu judizialek erakusten dute Espainiako Gobernuak "gerraren eta errepresioaren aldeko apustua" egiten duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.