Agerraldi jendetsua izan da Bilbon egin duten hori. Eragile guztien artean adostutako idatzia irakurri dute, funtsean, deklaratutako sei lagunei elkartasuna adierazten diena, baina horrez gain, haien kontrako ekimena baketze eta normalizatze prozesu bat abian jartzearen aurkakoa dela ohartarazten duena.
Ildo horretatik, arazo bat duela esan nahi izan diote Espainiako Estatuari, baina ez "gizarteko sektore jakin batekin", baizik eta "etorkizuna libre eraiki nahi duen herriarekin". Agerraldian bat egin dute eragile politiko, sindikal eta sozialek azpimarratu dute prozesuaren kotnrako erasoei prozesua bera martxan jartzeko jarrera tinkoarekin erantzun behar zaiola; hau da, "erasoak zenbat eta handiagoak", eta orduan eta apostu sendoagoa egin behar dela.
Grande Marlaskak Arnaldo Otegi, Pernando Barrena eta Juan Joxe Petrikorena Batasuneko kideak, Rafa Diez LABeko idazkari nagusia, Juan Mari Olano Askatasuneko burua eta Arantza Zulueta abokatua inputatu ditu greba eguneko "delitu ekintzengatik". Gaur Otegi deitu du deklaratzera, eta besteak aste honetan zehar.
Honakoak dira, zehazki, elkartasun agiriarekin bat egin duten alderdi, sindikatu eta gizarte taldeak: Batasuna, EA, Aralar, AB, Zutik, EAE-ANV, ELA, LAB, Hiru,EHNE, ELB, EILAS, ESK, Kontseilua, AEK, Partaide, Sortzen-Ikasbatuaz, Etxerat, Askatasuna, Segi, Bilgune Feminista eta Eharoak.
Politika
Grande Marlaskaren erabakia "beste eszenatoki politiko bat sortzearen" aurkako erasoa dela iritzi diote hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek
Osteguneko greba eta mobilizazio eguneko "delitu ekintzen" eragile izatea egotzita Fernando Grande Marlaska epaileak Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu dituen ezker abertzaleko kideei elkartasuna adierazi diete hainbat indar politikok, sindikatuk eta gizarte eragilek. Besteak beste, Batasuna, EA, AB, Aralar, Zutik eta EAE-ANV alderdiek, ELA, LAB, EILAS, ESK, ELB, EHNE eta Hiru sindikatuek, zein Kontseiluak, Partaidek, Sortzen-Ikasbatuazek eta AEK-k. Grande Marlaskaren ekimena ez dela sei auzipetuen aurkako erasoa nabarmendu dute, "Euskal Herrian beste eszenatoki politiko bat sortzeko lanean ari diren guztien kontrakoa baizik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu