GREBA BIZKAIBUSEN

Greba eguna, bileraren atarian

Zazpigarren lanuzte eguna dute gaur Bizkaibuseko langileek. Bihar egingo dute bilera Bizkaiko Aldundiak eta Bizkaibuseko sindikatuek. Akordiorik ez badago, greba mugagabeari ekingo diote datorren astelehenean.

Bizkaibuseko autobus bat, Termibusen. MARISOL RAMIREZ, ARP
2014ko urriaren 21a
07:38
Entzun

Bizkaibuseko lan gatazka konponbidean jartzeko,  Bizkaiko Foru Aldundiak bilera batera deitu ditu sindikatuak. 11:00etan egingo dute bilera asteazkenean, eta, berez, iaz diputazioak eta sindikatuek lortutako akordioaren jarraipen batzordea da bilduko dena. LABek ez zuen akordio hura izenpetu, baina bileran izango dela baieztatu diote Europa Press agentziari. ELA ere bertan izango da, bilerak "zer ematen duen" ikusteko eta "arazoak konpontzeko".

Bien bitartean, lanuzteekin jarraitzen dute gaur. Atzo ere halaxe egin zuten. 10:00etan manifestazio bat egin zuten EITBko egoitza ingurutik diputazioaren egoitzara. Aldundiak gatazka konpontzeko "aukera bat galdu" duela uste dute, eta bilerara deitu aurretik,  "telefonoa piztua" dutela oroitarazi zioten diputazioari.

Duela urtebete Bizkaiko Foru Aldundiarekin egindako akordioa betetzen ez den bitartean, mobilizazioen egutegiarekin jarraitzeko asmoa dute sindikatuek Bizkaibusen. Ostegunean eta ostiralean ere egun osoko lanuzteak egingo dituzte; gatazkak irauten badu, baina, greba mugagabeari ekingo diote langileek urriaren 27tik aurrera, UGT, CCOO, ELA, LAB eta LSB sindikatuek deituta.

Bi orduko lanuzteekin ekin zioten protestari, baina 24 orduko lan etenak abiatu zituzten gero. Aurreko deialdietan langileek lanuzteei emandako babesa "erabatekoa" izan da, sindikatuen esanetan.

Iazko udazkenean ere mobilizazioak egin zituzten Bizkaibuseko langileek. Gatazka urriaren 4an amaitu zen, diputazioak eta ELA, UGT, CCOO eta LSB sindikatuek akordioa sinatu zutenean. Akordio hartan aldundiak konpromisoa hartu zuen langileen amortizazioa ez onartzeko eta orduan zeuden lanpostu guztiak mantentzeko. Sindikatuek uste dute diputazioak ez duela bete akordio hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.