Mobilizazio gehiago antolatu dituzte ELA, LAB eta Steilas sindikatuek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. Goizean Bilbon egindako agerraldian jakinarazi dute egutegia. Salatu dutenez, joan den ikasturteko protestekin ez dute lortu Eusko Jaularitzak "egoerari buelta emateko neurri zehatzik" proposatzea. Horregatik, uste dute "dinamika hori mantentzea beste biderik ez" dutela.
Urtea bukatu arte ostiralero elkarretaratzeak egingo dituzte ikastetxeetan. Urrirako itxialdiak antolatu dituzte. Urriaren 28an, manifestazioa egingo dute Bilbo, Gasteiz eta Donostian. Azaroko aste bakoitzean sektore zehatz batek borroka astea izango du, eta dagokion sektoreak greba egingo du ostegunez. Abenduaren 12an egingo dute hezkuntzako greba orokorra.
Besteak beste, hezkuntzara bideratutako inbertsioa handitzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Unescok aurrekontuaren %6ko inbertsioa proposatzen duela azaldu du ELAko Xabier Irastorzak. Europako Batasuneko batez bestekoa %4,9koa dela esan du, eta Eusko Jaurlaritzarena %3,7koa da. Langileen behin-behinekotasuna %6ra murriztea ere aldarrikatu dute. Batez beste, gaur egun %40koa da. Era berean, LOMCE eta Heziberri bertan behera utzi eta hezkuntza eredu propioarentzako araudi berria eskatu dute.