Azken asteetan egindako mobilizazioen ondoren, erantzun baikorrik jaso ez dutela-eta, protestan jarraitzen dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek. LABek deituta, greba eguna dute gaur, eta aste osora luzatu du protestaldia ELA sindikatuak. Azken horrek salatu duenez, ez diete erantzunik eman langileen eskaerei, eta "geldi" dago negoziazioa, ez aurrera ez atzera. LABek iragarri du, akordiorik ezean, grebara deituko duela abenduaren 24 eta 31rako.
Oroitarazi dutenez, soldatak igotzea, lanaldiak "normalizatzea" eta atsedenaldiak kontuan hartzea eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko langileen ratioak hobetzea daude aldarrikapenen artean. "Lan-gatazka honen erdigunean emakumezko sektore baten duintasuna dago". Adegi, Garen, Lares eta Matia 2020 patronalek, ordea, soldatak izoztuta mantendu nahi dituztela salatu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundia, "arduradun zuzena" den arren, ez dela posizionatu oraindik. 11:30ean egin dute elkarretaratzea, eta aste osorako egitaraua prestatu dute. Ostiralean, Gipuzkoako Diputazioaren egoitzaren aurrean egingo dute protesta, manifestazio batekin amaituz.
Diputazioaren aurrean egin du protesta LABek, Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena orain lelopean. Bide beretik datoz LABen eskaerak ere: soldata homologazioa foru administrazioen menpe dauden langileen batezbestekoarekin, kontratazio zuzen eta mugagabea, langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan batzorde parekide bat eratzea eta langileen prestakuntza aintzat hartzea. Azken xedea zein den ere gogorarazi dute: "Herrialdeko lan hitzarmen bat lortzea".
LABek salatu duenez, kalitateko zerbitzu publikoak eskaintzeko ardura dute administrazio publikoek, baina "pribatizazioaren aldeko apustua egiten dute". Gipuzkoako zahar etxeetakoa ez ezik, oro har, zerbitzu publikoen egoera "larria" dela ohartarazi dute. Gogora ekarri dituzte, besteak beste, Bizkaiko Loramendi erresidentziako langileen borroka —greba mugagabean dira urriaren 22tik— eta etxez etxeko laguntza ematen duten langileen egoera: "Menpekotasuna duten pertsonei zerbitzu on bat ematea bizitza duina bermatzea da. Zerbitzu on bat emateko, lan baldintza duinak behar dira".