Greenpeace talde ekologistako 25 ekintzaile epaituko dituzte bihar Villarcayoko auzitegian (Burgos, Espainia), probintzia berean dagoen zentral nuklearrean, Garoñakoan, iazko azaroaren 20an egindako protesta ekintzagatik.
Greenpeaceren Espainiarako arduradun Juan Lopez de Uraldek gaur azaldu zuenez, iazko azaroko ekintzarekin "zentral nuklearrak ixteko eginiko hauteskunde promesa betetzeko exijitu" nahi zioten Espainiako Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori.
Epaiketa 10:30ean hasiko da. 25 auzipetuei "desobedientzia" delitua egozten diete, Garoñako zentral nuklearreko sarreran ekintza egiteagatik. Ekintza baimendu gabeko protesta batean egin zuten, iturri judizialen arabera.
Garoñako zentrala Euskal Herritik 30 bat kilometrora dago, eta istripu nuklearren bat gertatuz gero, Hego Euskal Herria bete-betean harrapatuko lukete ondorioek. Urteetan mobilizazio andana egin dira zentrala ixteko exijitzeko, bai Espainian bai Euskal Herrian.
Zentralaren arduradunei kritika
Horren harira, eta Lopez de Uraldek gaur emandako prentsaurreko berean, Greenpeaceko arlo antinuklearreko Espainiarako arduradun Carlos Bravok salatu du zentraleko arduradunek uranio erregai errekarga egin nahi dutela datozen asteetan, "Madrilgo gobernua bi urteko funtzionamendu luzapena baimentzera behartzeko".
Santa Maria de Garoñako zentralaren ustiaketa baimenak heldu den uztailaren 5ean iraungiko du. Lehenago, udaberri aldera, Espainiako Segurtasun Nazionaleko Kontseilua txosten bat banatzekoa da, zentralak martxan segitzea komenigarria den edo ez zehazteko.
Azken hitza, dena den, Espainiako Gobernuak izango du.
Ingurumena
Greenpeaceko 25 ekintzaile epaituko dituzte bihar, Garoñan iaz egindako protesta ekintzagatik
Talde ekologistaren Espainiarako arduradun Juan Lopez de Uraldek azaldu zuenez, iazko azaroko ekintzarekin "zentral nuklearrak ixteko eginiko hauteskunde promesa betetzeko exijitu" nahi zioten Espainiako Gobernuko presidente Zapaterori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu