Gauerdiko Iparrorratza eskulturaren inguruan, elurpean, bi minutuko elkarretaratze isila egin dute Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideek Gregorio Ordoñez zenaren omenez. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidentea izan dituzte buru. Ordoñezen argazki bat paratu dute, eta gaurko osoko bilkurak iraun bitartean pizturik izango den sua ere jarri dute. Gabonen osteko lehen osoko bilkura da gaurkoa.
Iaz hasi ziren legebiltzarrean indarkeria politikoz hildako legebiltzarkideak omentzen. Hala, iazko otsailean Enrique Casas —Komando Autonomoek hil zuten, 1984an— eta Fernando Buesa —ETAk hil zuen, 2000n— sozialistak omendu zituzten, eta azaroan, hil zuten dataren ingurumarian, Santi Brouard Herri Batasuneko legebiltzarkidea —GALek hil zuen, 1984an—.
Ordoñezen hilketa, mugarri
Duela 20 urte hil zuen ETAk PPko legebiltzarkide eta Donostiako alkateorde Gregorio Ordoñez (Caracas, 1958-Donostia, 1995), 1995eko urtarrilaren 23an. Kargudun politikoen kontrako ofentsibaren lehen atentatua izan zen. Buruan tiroa jota hil zuten, Donostiako La Cepa jatetxean Maria San Gil eta Enrique Villarrekin bazkaltzen ari zela.
Ordoñezen hilketak astinaldia eragin zuen euskal gizartean eta politikagintzan. PPko zinegotzi eta legebiltzarkideak uko egina zion bizkarzainak edukitzeari.