Egunkaria auzia

"Gu gara biktima bakarrak"

Auzitegi Nazionalak ahozko epaiketa egiteko hartutako erabakia "ezusteko galanta" izan da 'Egunkaria'-ko auzipetuentzat, fiskalak artxiboa eskatu zuelako. Elosua abokatuak esan du herri akusazioen eskaera aintzat hartzea eta ez fiskalarena izan dela "hausturarik handiena". Auzipetuek kasuaren artxiboa eskatu dute, "errugabeak" direlako.

2007ko maiatzaren 12a
22:46
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Aurreneko Atalaren ahozko epaiketa egiteko erabakiak, “ezusteko galanta” eman die Egunkaria auziko auzipetuei, gaur beraiek esan dutenez Andoainen (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parkean emandako prentsaurrekoan. Izan ere, aurrez fiskalak kasua artxibatzeko eskatua zuen, “delitu frogatik ikusi ez” zuelako, eta, auzipetuek adierazi dute “espero zitekeela auziak ez zuela aurrera egingo”.

Auzitegi Nazionalak, baina, fiskalaren eskaera kontuan hartu gabe, AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioei egin die kasu, eta ahozko epaiketa egingo da. Iñigo Iruin auzipetuen gaur abokatuak esan du ez dakitela noiz egingo den epaiketa, “espekulatzea litzateke hori”. Gainera, epaiketa egin ez dadin saiatuko direla adierazi du Iruinek, “bideak mugatuak diren arren”.

Joxe Mari Elosua abokatua ere izan da Andoaingo agerraldian, eta justiziaren irizpide "urraketak" egon direla salatu du. Fiskalaren papera “murriztuta” geratu dela esan du Elosuak, eta herri akusazioak lehen planora eraman dituztela Auzitegi Nazionalean. “Gainera, esan beharra dugu auzi honetan biktima bakarrak auzipetu hauek direla, ez dago zuzenean beste biktimarik, baina akusazio partikularrik egon gabe eta fiskalak artxiboa eskatu arren, herri akusazioen eskaera aintzat hartu dute eta ahozko epaiketa egingo da. Hori izan da auzi honetako hausturarik handiena”.

Hala, Emilio Botin banketxe zuzendariaren auzia ekarri du gogora Elosuak. “Auzi hartan Auzitegi Nazionaleko sala bera zen, magistratua bera, akusazio partikularrik ez zegoen, fiskalak artxiboa eskatu zuen, herri akusazioa bazen eta epaiketa eskatu zuen, biktima zuzenik ez zegoen, egoera honen bera zen, baina orduan Egunkaria auzia—ren bestelako erabakia hartu zuen Auzitegi Nazionalak, ez zuelako ahozko epaiketa egitea erabaki”. Elosuaren ustez, "edozertarako prest daude Egunkaria-ren kasuan ahozko epaiketa egiteko, inolako arrazoitzerik gabe -bi foliokoa da autoa-. Ausardia osoz dabiltza Auzitegi Nazionalean".

Auzipetuek “errugabeak” direla esan dute. “Gure errugabetasuna ezagutzen dugulako, gure abokatuek delitu-zantzuen funtsik eza agerian utzia zutelako, jurisprudentzia ere alde genuelako, eta bereziki iazko abenduan fiskalak auzia ixteko eta epaiketarik ez egiteko eskatua zuelako, hain zuzen ere frogarik ez dagoela-eta”.

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Pello Zubiria eta Txema Auzmendi dira auzipetuak, eta gaur denak izan dira agerraldian, Auzmendi izan ezik -ezinezkoa zitzaion azaltzea-. “Biktima” sentitzen direla esan dute, “epaiketa honetako biktima bakarrak“.

Haien ustez, “autoak jarrera juridiko zehatza izan partez, kontsigna politikoa ematen du”. Hala, “argi erakusten du Auzitegi Nazionalak duen sinesgarritasun eza”.

Egunkaria auziaren-ren sobreseimendua eta artxiboa eskatu dute berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.