Guardia Zibilak hiru lagun atxilotu ditu Auzitegi Nazionalak agindutako polizia operazio batean. "Terrorismoa goratzearen" eta "biktimak umiliatzearen" delituekin lotu dute operazioa. Hiru atxilotuak ikasle mugimenduko kideak dira. Horietako bat emakumezko etxarriar bat da, eta Etxarri-Aranazen (Nafarroa) atxilotu dute, 04:00ak inguruan. Beste atxilotuetako zestoarra da eta Azpeitian (Gipuzkoa) atzeman dute. Hirugarrena, Gasteizen atxilotu dute.
14:30ak aldera deklaratzera eraman dituzte Guardia Zibilaren Sansomendiko polizia-etxera, eta 16:00ak aldera libre utzi dituzte.
Guardia Zibila EHUren Arabako campusera ere joan da. Farmazia, Gizarte Langintza eta Letren fakultatean sartu da, 06:30ak aldera, delitu horiekin lotutako material bila. Ikasle gelak miatu ditu, bereziki —gela horiek ikasle taldeek kudeatzen dituzte—, eta hainbat ordenagailu eraman dituzte, baita bestelako materiala ere.
Polizia operazioa lotuta dago Arabako campusean Zigor Aranbarri ETAko kide zenari egin zioten ekitaldiarekin. ETAko beste hiru kiderekin batera autoan zihoala, garraiatzen ari ziren lehergailuak egin zion eztanda Aranbarriri, 2000. urteko abuztuaren 7an. Hari eskainitako ekitaldia 2017ko Gudari Egunean —irailaren 27an— antolatu zuen ikasle talde batek.
Ernai gazte erakundeak atxiloketak salatzeko mobilizaziora deitu du gaurko, Gasteizen, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren parean. 19:00etan izango da manifestazioa. Ikasle Abertzaleak-ek ere protestara deitu du. Donostian, 19:00etan izango da manifestazioa, Bulebarretik; Iruñean, 20:30ean Nabarrerian; eta Bilbon, 20:00etan Unamuno plazan.
EHUren "ezinegona"
Euskal Herriko Unibertsitateak "ezinegona" adierazi du, eta salatu egin du polizia operazioa egiteko modua. Ohar bidez azaldu duenez, unibertsitateko campusa itxita zegoen Guardia Zibila sartu denean, eta EHUri operazioaren ostean eman diote haren berri. Hori dela eta, unibertsitateak Auzitegi Nazionalari eskatu dio Guardia Zibilari hiru fakultateetan sartzeko eta miatzeko eman dion baimenaren agiria. Horrez gain, jakinarazi du Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariarekin harremanetan jarri dela, hari azalpenak eskatzeko.
Sortu "kezkatuta" agertu da, gaurko atxiloketak "itxaropenerako leihoak zabaltzen ari diren une batean" egin direla iritzita. Sorturen esanetan, "Espainiako Erresumako hainbat sektorek ez dute bakean eta bizikidetzan aurrera egin nahi", ez dutelako "agenda demokratikorik". Bakean eta bizikidetzan sakontzeko, ordea, ezinbesteko jo du Euskal Herriaren "desmilitarizazioa". Guardia Zibilak "alde egin" behar duela gaineratu du, eta dei egin du larunbatean Oñatiko Fan Hemendik egunera joatera.