Politika

Guardia Zibilak hamar lagun zauritu ditu Etxarrin manifestazio baten aurkako oldarraldian

Jaien hasierako urteroko presoen aldeko manifestazioa galarazi zuten joan den larunbatean. Bautista Barandallaren bikotekideak eta alabak dituzte zauririk handienak: bikotekideari ebakuntza egin behar diote ezkerreko eskuko lotailua hautsi baitzioten.

2007ko abuztuaren 8a
17:05
Entzun
Joan den larunbatean, Etxarri-Aranazko (Nafarroa) festetako lehen egunean, Preso eta iheslari politikoen eguna antolatu zuen ezker abertzaleak urtero bezala, besteak beste, manifestazioa. Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak debekatu egin zuen, ordea. Hala, manifestazioa egiten saiatu ziren ehunka herritarren aurka oldartu zen Guardia Zibila, ezker abertzaleak salatu duenez, "basatiki". Oldarraldi horietan hamar lagun zauritu zituen Guardia Zibilak, eta sarraski bat egitear egon zirela iritzi dio ezker abertzaleak.

Bi dira zauririk handienak dituztenak: Bautista Barandalla urteak gaixorik daramatzan preso etxarriarraren bikotekidea eta haien bien alaba. Alabak kolpe handia du begi ondoan, eta, bikotekideari, berriz, ezkerreko eskuko lotailua hautsi zioten. Ondorioz, ebakuntza egin behar diote.

Nafarroako Auzitegi Nagusiak baimendu egin zuen

Gobernuaren Ordezkaritzak eta Guardia Zibilak manifestazioa galarazi egin bazuten ere, gero, astelehenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak egiteko baimena eman zuen debekuaren kontra ezarritako helegiteari erantzunez. Galarazpenak oinarrizko eskubideak urrati zituela erabaki zuen Auzitegiak.

Nolanahi ere, berriro ere egoera bera errepikatzen ari dela ohartarazi du Etxarriko ezker abertzaleak. Izan ere, ostiralerako, abuztuaren 10erako, presoen aldeko elkarretaratzea deitu dute urtero bezala, eta hori ere debekatu egin dute. Larunbatekoa bezalako gertaerak saihestearren elkarretaratzea egin behar zen garaian, 19:30etatik 20:30etara, ordubeteko isilunea deitu dute presoen alde, eta garai horretan Etxarriko kaleak hutsik eta isilik uzteko deia egin diete herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.