Gazteria beti lotu izan da errebeldia, inkonformismoa edo iraultzaile izatea bezalako balioekin. Edozein arazo, gatazka edo bidegabekeriaren aurrean beti lehen lerroan izan dira gazteak borrokan. Belaunaldi bakoitzean garaiaren araberako ezaugarriak izan ditu, era berean, gazte mugimenduak. Euskal Herriaren kasuan, gazte mugimendua noiz edo nola sortu zen zehatz-mehatz esaterik ez badago ere, euskal gazte mugimendu ezkertiar eta independentista era antolatuan borrokan hasi zenetik 25 urte bete berri direla esan daiteke. Hori ospatuko dute gaur milaka lagunek Durangon, 25 urte ta segi aurrera! Atzoko borrokak gaurko errealitate, gaurko borrokak biharko garaipena lelopean antolatutako jaialdian.
Azken 25 urteotan gazte mugimenduak lorturiko antolakuntza eta protagonismo mailak badira kontuan hartzeko zerbait. Gazte ezkertiar eta independentisten mugimenduak izaniko bilakaera azaltzeko, bertan parte hartu duten kideen hitzak baino gauza hoberik ez da. Hala, haietariko hainbatekin hitz egin nahi izan du Berriak, orduko oroitzapenak azaldu eta egungo egoeraz hausnartzeko.
Gazteriak-eko garaiak gogoan ditu Amaia Rekartek. "Gazteriak-ek lortu zuen Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako gazteak batzea eta erakustea gazteria horrek bazuela gaitasuna gauzak antolatzeko", dio. Gazte erakunde horren ibilbidea oso gogoan du Rekartek bere herrian, Uztaritzen 3.000 lagun bildu zituen Gazte Eguna, "zinez erakutsi zelako gazteriak pisua zuela hiru herrialdeetan eta gai zela halako ekimenak antolatzeko".
Hala, arlokako problematika landu zuen Gazteriak-ek, tartean, euskararen edo bizi-baldintzen alorretan borrokak piztuz. "90eko hamarkada bukaeran, 80tik gora gazte atxilotu zituztenean, errepresioaren aurkako rola ere jokatu zuen Gazteriak-ek. Bestetik, garaian hegoaldeko gazteekin genuen lotura mantentzen aritu ginen". Rekarteren iritziz, "borrokarako grina zuten gazte askori tresna bat eskaini zien Gazteriak-ek".
Elkarlanetik Haika sortzera
Jarrain hamar urtetik gora eman zituen Ana Lizarraldek. "90eko hamarkadan, adibidez, intsumisioaren inguruko borrokatik hasi eta gure jarduera osoa auzitan jartzen aritu ginen Jarrain. Hala, V. biltzarrarekin beste abiapuntu bat ezarri genuen. Ondoren, VI. biltzarrean gazte problematika identifikatzen, lehentasunak markatzen eta borroka posibilistak jorratzen hasi ginen. Orduan ere nazio mailako gazte erakunde bakarraz hitz egiten genuen".
Hain zuzen, Jarrai eta Gazteriak erakundeen arteko lankidetzak ekarri zuen nazio mailako lehen gazte erakundearen sorrera: Haika gazte erakundearena, alegia. 2000ko apirilean Kanbon eginiko gazte topagunean aurkeztu zen Haika, 21.000 lagunen aurrean aurkeztu ere. Bederatzi hilabetez Amaiur izeneko prozesu eratzailean murgildu zen gazte erakundea. Herriz herri, 4.000 gazte inguru aritu ziren gai ezberdinen inguruan hausnartzen eta gazte erakunde berriari oinarriak jartzen: gazteen bizi-baldintzak, mundu mailako joerak, gazte mugimendua edo Euskal Herriko orduko egoera politikoa izan zituzten eztabaidagai, besteak beste, gazteek.
Kartzelan ia lau urtez, eta epaiketarik gabe
Haikaren aurkako operazioa eta legez kanporatzea iritsi ziren ondoren. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek zuzendutako gazte erakundearen aurkako operazioan, 2001eko martxoan, hamarnaka gazte atxilotu eta espetxeratu zituzten. Haietariko gehienek espetxean lau urte beteko dituzte aurki, oraindik ere epaituak izan gabe. Urtebete beranduago Segiren aurkako operazioan atxilotutako beste dozenaka gazte ere egoera berean daude, duela bi urte eta erditik hona.
Epaiketak noiz izango diren jakiterik ez da, ez eta gazte bakoitzari epaileak leporatzen dion delitu zehatza ere. Jarrai-Haika-Segi auzian diren 40tik gora auzipetuei gauza bera egozten zaie, izan ere: ETAko kide edo laguntzaile izatea. Haika erakundea ETAren zati dela, Segi erakundea Haikaren segida dela eta auzipetuak gazte erakundeetako kide direla, hori da Garzon epailearen tesia.
Kontuan hartzekoa da ere Segiko hiru kide lapurtar (tartean Rekarte bera) eta laugarren gipuzkoar baten egoera. Garzon epaileak gazte horien aurkako atxilotze agindua zabaldu zuen Segiren aurkako operazioan. Ordutik, guztiek pasatu behar izan dute epaitegitik. Lehena Eneko Aizpuru donostiarra izan zen. Pankarta bat jartzen ari zela Baionan atxilotu eta preso hartu zuten, haren aurka zen nazioarteko atxilotze aginduaren ondorioz. Bi hilabete eman zituen Agengo kartzelan; tartean bi egun "legez kanpo" atxiloturik, defentsa abokatuak salatu zuenez. Aske utzi zuten ondoren, baina Espainiak eginiko estradizio eskaera ontzat eman zuen Agengo epaitegiak eta Frantziako Gobernuak erabakia berretsi zuen gero. Egoera horretan dago egun.
Rekarte, Haritza Galarraga eta Yves Matxicote lapurtarrak, berriz, aurtengo maiatzean atxilotu zituzten, Segiren aurkako sumarioan hiruren aurkako euroagindua kaleratu baitzuen Garzon epaileak. Ekimen eta atxikimendu kanpaina emankor baten ostean, berriz, hiru gazteak ez Espainiaratzea ebatzi zuten behin betikoz Paueko auzitegiak eta Frantziako Kasazio epaitegiak. Hala ere, atxilotuak izateko arriskua izanik, ezin dute Bidasoaz bestaldera iragan.
Izan ere, gazteria beti "errepresioaren jopuntuan" izan da Rekarte eta Lizarralderen aburuz, eta hala kokatzen dute biek ere Haika gazte erakundearen aurkako operazioa, besteak beste. "Haika lehen gazte erakunde nazionala izan zen, gazteek ausardiaz jokatu zutelako", dio Rekartek. Bere iritziz, horrek ere izan zuen zerikusirik bere aurkako operazioa emateko.
"Bere garaian ere, 'Y talde' famatuen aitzakiaz Jarraiko hainbat arduradun atxilotu zituzten. Baina gure jarduera baldintzatu baino, gure estrategia berretsi genuen orduan", du gogoan Lizarraldek. "Haika legez kanpo utzi aurretik, Estatuak apustu garbia egina zuen: Euskal Herria suntsitzea, bere alde ari diren tresnak bertan behera utziz. Non kokatzen da indarra, borrokarako grina? Gazterian bereziki. Horregatik jartzen dute jopuntuan", dio Lizarraldek. Baina guztiaren gainetik, "Jarraik Euskal Herria eta bizitza bera ulertzeko beste modu bat" eman zizkiola dio Lizarraldek. "Eta lagun asko, eta oso onak".
Gazte mugimendu aberatsa
Baina oro har, gazte mugimenduak Euskal Herrian aurrera jarraitzen du, kalean dago. Oztopoak oztopo, Euskal Herriko gazte mugimendua egun "aberatsa" dela kontatu digu gazte mugimenduko kide Markel Ormazabalek. "Azken bi hamarkadetan sistemak aurrera eramaniko gizartearen despolitizazioa eta gizartea aldatzen ari dela kontuan hartuta, harrigarria da egun Euskal Herriak duen gazte mugimendua izatea". Azken 25 urteotako "olatuaren emaitza" da egungo gazte mugimendua, Ormazabalen ustez. "Olatuaren txanpa horri eusteko konpromisoa ongi hartua du euskal gazteriak".
Ormazabalen iritziz, "errepresioak hainbat jarduera baldintzatu baditu ere, azken urtean piztu diren dinamikak dira aberastasun horren erakusle: gaztetxeen inguruko mugimendua, autodeterminazioa helburu duen intsumisioaren inguruko borroka, jai herrikoien alde herriz herri ikusi ditugun ekimenak eta abar. Hori ikusteko kalera ateratzea besterik ez dago", dio Ormazabalek.
Baikor ageri da Rekarte ere, egungo gazte mugimenduaz hitz egiterakoan. "Jakinda zenbateko errepresioa izan den gazteen aurka, txalogarri deritzet egun gertatzen ari diren hainbat ekimeni. Gaztetxeen inguruan, adibidez, izugarrizko motibazioa eta ausardia dagoela uste dut, Euskal Jai edo beste gai batzuekin ikusi den eran. Segi ere herrietan da, tresna izaten jarraitzen du", dio Rekartek. "Gazteak beti izanen gira xutik eta tinko".Lizarralderen arabera, "azken urteotako errepresio izugarriaren gainetik, gazteek ekimen berriak martxan jarriz erakutsitako tinkotasunak sekulako balio politikoa du". Egungo dinamikek joera gorakorra hartuko dutela uste du gainera: "bide berria asmatzea, hor dago koska".
Gaur Durangon ehunka gazte bilduko dira, gazte mugimendu antolatua gogoratzeko. Ormazabalen arabera, "amets, borroka eta ilusioz beteak izan dira azken 25 urteak, eta lortutako garaipenak ez dira gutxi izan. Hori guztia behar den moduan ospatzeko bilduko gara Durangon".
Gazte mugimendu antolatuaren 25. urteurrena
Guardia Zibilak kontrol gogorrak jarri ditu Durangoko sarreretan
Euskal gazte mugimendua noiz sortu zen esaterik ez bada ere, badira gogoan izateko hainbat data. Gazte mugimendu horren kide izan direnek euren eskubideen aldeko borroka antolatuaren azken 25 urte emankorrak gogoratuko dituzte gaur, Durangon. '25 urte ta segi aurrera! Atzoko borrokak gaurko errealitate, gaurko borrokak biharko garaipena' lelopean jaialdia egingo dute. 14:30ean herri bazkaria; 18:30ean manifestazioa eta ekitaldia; eta 21:00etan kontzertua: 'Las Vulpes', 'The Kinky Beat' eta 'Su Ta Gar'. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Guardia Zibilak kontrol gogorrak jarri ditu Durangoko sarrera guztietan, eta helikoptero bat ere badabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu