UPNko buruzagien buruko mina ez da amaitu. Maiatzaren 16ean, Maria Paz Benito epailearen aginduz, Guardia Zibilak CANeko egoitza nagusiko zerbitzari nagusia miatzen izan zen, CANeko Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko kideek 2010eko abuztuaren 30etik 2011ko irailaren 26ra bitarte egin zituzten hamasei bileren aktak manipulatu al zituzten egiaztatzeko. Diario de Navarra egunkariak kaleratu duenez, Guardia Zibilak jada bere txostena igorri dio epaileari. Hamasei bileretatik hamabost, Iraunkorra publiko egin ostean sortu ziren; eta hamabi akta, gainera, a posteriori ere moldatu egin ziren.
Guardia Zibilaren txostenaren emaitza nahiko esanguratsua da. Adibidez, hamasei bileren aktetatik bakarra soilik zegoen zerbitzarian 2011ko urria baino lehen; hau da, Noticias egunkariak Batzorde Publikoaren berri eman aurretik, eta iritzi publikoak horren berri lehen aldiz jakin aurretik.Gainerako hamabost aktak ondoren sortu ziren zerbitzarian. Horrek esan nahi du zenbait kasutan, bilera egin eta hilabete askotara edo urtebete pasaren ostean sortu zela akten edukia.
Poliziak ez dira soilik mugatu dokumentuak noiz sortu ziren zehaztera. Dokumentu bakoitza sortu ostean, denboran aldaketak egin al ziren ere aztertu dute guardia zibilek. DNren informazioaren arabera, guardia zibilek azterketan ezin izan dute erabat jakin aktetan egindako aldaketak formalak izan ziren edo esanguratsuak. Hau da, ezin izan dute egiaztatu, komak edo hitzen bat aldatzera mugatu ziren edo akten edukia manipulatu al zen.
Dena den, zenbait ohar adierazgarriak dira. Zenbait kasutan, aldaketa akta sortu eta egun edo aste gutxira egiten da, eta aditzera eman dezake forma kontu batengatik izan litekeela. Beste hiru kasutan, ordea,11 eta 15 hilabete arteko epean egin zen dokumentuan aldaketa. Adierazgarriena 2011ko abuztuaren 30eko bileraren akta da. MIguel Sanzen lekukoa hartu ostean, Yolanda Barcina zen egun hartan estreinakoz batzordeko presidente, eta egun hartan bi bileren akten azken aldaketa aurtengo urtarrilaren 25ean egin zen, Kontuz-ek salaketa aurkeztu eta egun batzuetara.
Datuok manipulazio zantzua aditzera eman dezakete eta delitu larria izan daiteke: dokumentu publikoaren manipulazioa ez ezik, epailearen agintaritzari iruzur egin nahi izatea.
Auzitegi Gorenak Yolanda Barcina ez inputatzea erabaki zuen iragan uztailaren 24an, baina oraindik auziak irekita jarraitzen du Batzorde Iraunkorreko beste hiru kideentzat: Miguel Sanz presidente ohia, Alvaro Miranda presidenteorde ohia eta Enrique Maia Iruñeko alkatea.