Carmen Lamelak bereari eusten dio. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio epaitegiko magistratuaren arabera, urriaren 15eko goizaldean taberna giroko liskarraren atzean, guardia zibilen aurkako jazarpen kanpaina dago eta "beldurra eragitea" bilatzen du. Atera berri duen autoak argudio horiek erabiltzen ditu jarraian terrorismo delitua egon daitekeela esateko.
Urriaren 25ean kaleratutako lehen autoan, argudio hori behar izan zuen auzia bere gain hartzeko eta Iruñeko 3. instrukzio epaitegiari kentzeko. Hain zuzen ere, Maria Paz Benito epaileak uko egin dio auzia ikertzeari eta Lamela berearekin atera da.
Auzitegi Nazionalak hartzeko moduko auzia behar du Lamelak eta orain bigarren autoan, hari beretik egiten du tira. Polizien txostenak aipatuz, goizaldeko liskar horretan hamabi erasotzaile egon zirela dio. Lamelaren arabera, erasotzaileak Ospa Mugimenduarekin eta Alde Hemendik kanpainarekin du zerikusia. Bere esanetan, helburua zen gau giroko jarduera normal batean "ezinegona piztea eta eragitea".
Autoan poliziek identifikatutako hainbat lagunen izenak aipatzen dira.
"Presio egoera jasanezina"
Kanpaina mediatikoak eta Auzitegi Nazionalak aurretik txarra zen egoerari sua bota diote. Izan ere, ez da ezer esaten guardia zibilek eurek eragindako ezinegonaz eta nola baldintzatzen duten herritarren egunerokotasuna. Herenegun bertan, Hitzondoren Twitterreko kontuan aipatzen zenez, kalez jantzitako poliziekin talka egin zuten alde zaharreko auzokide batzuk: "Presio-egoera jasanezina ta latza izaten ari da", zioen txioak