Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta daude atzo arratsaldean Gipuzkoan atxilotutako lau pertsonak: Hernanin atzemandako Jose Agustin Camacho Elizondok, Juan Mari Maizkurrena Urkizu, eta Josune Balda Arrutik, eta Seguran atxilotutako Euri Albisu Telleriak. Gainera, albiste agentzien eta AAMren arabera, Guardia Zibila beste bi pertsonaren bila ari da.
Bazkalondoan hasi ziren atxiloketak, atzo. Seguran, Euri Albisu atzeman zuten guardia zibilek. Goierriko Hitza-k lekukoen adierazpenak aipatuz zabaldu zuenez, aurpegia estalita zeukaten guardia zibilak tabernara sartu ziren, eta «barruan zeuden bezero guztiak kanpora ateratzeko agindu zuten». Ostean, Albisuri eskuburdinak jarri eta handik eraman zuten. Iturri berberaren arabera, egun osoan kaleko jantzitako polizia asko ibili ziren herri gunean. Atxiloketaren ostean, Albisuren etxea miatzen aritu zen Guardia Zibila, eta Segurako Kale Nagusia erabat itxita eduki zuten. Hernanin, berriz, Juan Mari Maizkurrena Lastaolan atxilotu zuten; Jose Agustin Camacho eta Josune Balda, ostera, Zikuñaga inguruan.
Atxilotu guztiek etxebizitzat ez ezik, beste bi etxe ere miatu zituzten, Bizkaian. Bilboko Deustua auzoan miaketa bat egin zuen Guardia Zibilak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakitera eman zuenez. Berri agentzien arabera, Botika Zaharra kaleko 26. atarian egin zuten. Horrez gain, Larrabetzun ere (Bizkaia) beste miaketa bat egin zuen Guardia Zibilak, Iturrikoetxe kaleko etxebizitza batean. Bizilagunek BERRIAri jakitera eman ziotenez, Guardia Zibilak Larrabetzuko alde bat itxi zuen, eta autoei handik igarotzen ez uzteaz gain, bizilagunei etxetik irtetea ere galerazi zien guardia zibilek.
Atxilotuak inkomunikatu egin dituztela eta, AAMk «kezka» agertu du atxilotuek jasan dezaketen tratuaz.
Beobide, inkomunikatuta
Ibai Beobide Arza gazte bizkaitarra, bien bitartean, Guardia Zibilaren esku dago oraindik, inkomunikaturik. Albiste agentziek diotenez, Madrilen dago.
Tortura saihesteko neurriak hartzeko eskaera egin dio Beobideren abokatuak Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari, baina ez du epailearen erantzunik jaso, oraingoz. Abokatuak eskatu du Beobideren atxiloaldia kameraz grabatzeko, konfiantzazko medikuaren bisita hartzeko eta bere senideak une oro informatuak izateko.
AAMk «benetako kezka» agertu du Beobideren egoeraz. Guardia Zibilak tortura «oso modu ankerrean» erabiltzen duela oroitarazi du AAMk, eta, horrenbestez, adierazi du Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta egoteak atxilotua «benetako tortura arriskuan» jartzen duela. Orain aste batzuk Pello Olano lizartzarra (Gipuzkoa) Guardia Zibilak «modu basatian» torturatu zuela gogorarazi du AAMk.
Ibai Beobideren atxiloketa salatzeko, AAMk deia egin du ostiralean Bilboko San Inazio auzoan 19:30ean egingo den manifestazioan parte hartzeko.
Larunbat arratsaldean atxilotu zuen Guardia Zibilak Beobide, Asteasu eta Villabona artean (Gipuzkoa), bizikletan zihoala. ETAko kide izatea leporatzen diote. Atxiloketa gertatu eta ordu gutxira, Donostiako ospitale batera eraman behar izan zuten. Han, buruan zuen zauri «arin» batean puntuak eman zizkioten.
Atxiloketak
Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta jarraitzen dute Hernanin eta Seguran atxilotuek
Larunbatean atzemandako Ibai Beobiderekin lotu dituzte atzo atxilo hartutakako lau lagunak. Albiste agentziek eta AAMk diote beste bi lagunen bila ari dela Guardia Zibila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu