Espainiako Segurtasun Indarrek Hego Euskal Herriko errepideetan egiten dituzten kontrolak amaitzeko legez besteko proposamena egin du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. "Harrokeriaz gerra armamentua erakutsiz, material militarra eta prepotentzia erabiliz, sinbologia armatua goraipatu eta herrialde okupatu baten irudia eman nahi dute", nabarmendu du Julen Arzuaga koalizioko legebiltzarkideak, gaineratuz kontrol horiek "estatu espainolak bakerako eta elkarbizitzarako jartzen dion beste oztopo bat" direla.
EH Bilduren proposamenak ez du aurrera egin; bai, ordea, EAJk eta PSE-EEk adostutako erdibideko proposamenak. Horren arabera, Eusko Legebiltzarrak galdegin du kontrol horiek "proportzionaltasunez" egin daitezela "maiztasunean eta intentsitatean", eta eskumen sistema errespeta dezatela, Espainiako Segurtasun Indarrek ez ditzaten beren gain hartu Ertzaintzari dagozkion zereginak. Kontra bozkatu dute PPk, UPDk eta EH Bilduk berak.
EAJko legebiltzarkide Iñigo Iturratek nabarmendu du arazoa ez direla kontrolak, horiek egitea behar bezala arrazoituta dagoen eta proportzionaltasunez egiten diren baizik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, 2.750 kontrol inguru egin zituen iaz Guardia Zibilak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta kopuru hori ez dagoela justifikatuta uste du Iturratek.
PSE-EEko legebiltzarkide Rodolfo Aresek esan du PSErentzat "inoiz" ez direla Guardia Zibila eta Espainiako Polizia "sobera" egon Euskadin. Hala ere, aitortu du Espainiako Gobernuak "errespetatu" egin behar duela Ertzaintzaren papera, erantsiz ETAk jardun armatua eten ostean "ez kopuruan ezta intentsitatean ere" ez dagoela justifikatuta kontrol kopuru hori.
Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak Arzuaga kritikatu du, "estatu polizial bat irudikatzeagatik". Llanosen ustez, kontrolak legezkoak dira eta Espainiako Segurtasun Indarrei dagozkien eskumenen baitan daude. Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak esan du EH Bildu ez dutela "gaizkileek" kezkatzen, "horien kontra ekiten dutenek" baizik.