Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendi, eta Jabier Etxaburu eta Karmele Alberdi zinegotziak—Udaltzaingo eta Turismo arduradunak, hurrenez hurren—Guardia Zibilaren Zarauzko kapitain berriarekin bildu ziren atzo. Udaletxean egindako bileran, Guardia Zibilak herrian duen kuartela uzteko eskatu zioten zuzenean. Kapitain berria «ezagutzeko eta agurtzeko» proposatu zion alkateari PSE-EEko zinegotzi Patxi Elolak, eta Bilduren esku den udal gobernu horretako ordezkariek Guardia Zibilaren eraikina udalari itzultzeko eskaera egiteko baliatu zuten bilkura.
Izan ere, joan den apirilaren 25ean mozio bat onartu zuten Bilduk, EAJk eta Aralar-Ezker Anitzak: kuartela udalari itzultzeko eskatu zuen udalbatzak, babes sozialeko etxebizitzetarako erabili ahal izateko. Hilabeteren buruan erantzun zuen Guardia Zibilak, Madrildik, eraikina «estatuaren jabetzakoa» dela esanez. Oharrean gaineratu zuten kuartela «beharrezko» dutela Euskal Herrian bete beharreko «misioetarako».
Ikastetxea eta turismoa
Kuartelaren inguruan armarik ez erakusteko eta herri sarreretako ohiko kontrolak kentzeko ere eskatu zioten Guardia Zibilari udaleko ordezkariek.Izan ere, ikastetxe baten ondoan dago kuartela, eta horko gurasoak ere kexatu ziren horrek inguruan eragiten duen «presioagatik». Gainera, kontrolek «Zarautzen irudiari» eta turismoari kalte egiten diotela uste du udalak.
Guardia Zibilari alde egiteko eskatu dio Zarauzko alkateak
PSE-EEko zinegotzi baten eskariz, Guardia Zibileko kapitain berriarekin bildu dira udaleko ordezkariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu