Tentsio giro nabarmenean ekin diote gaur goizean Donostiako Probintzia Auzitegian Igor Portuk eta Mattin Sarasolak salatutako torturen inguruko epaiketako bigarren auzi saioari. Izan ere, Guardia Zibileko kide ugarik eta Porturen eta Sarasolaren senide eta lagunek bat egin dute aretoan, eta guardia zibilek probokazio jarrera nabarmena izan dute senide eta lagunekiko. Momentu batean kolpatu ere egin dituzte Portu eta Sarasolaren hurbilekoak.
Porturen deklarazioarekin hasi da gaurko auzi saioa, eta, funtsean, lehenago egindako tortura salaketa berretsi du: guardia zibilek 2008ko urtarrilean Arrasaten (Gipuzkoa), mendi aldean, atzeman zituztenetik kolpe gogorren eta tratu txar bortitzen jomuga izan zela. Besteak beste, Portuk berretsi du erreka batean murgilduta eduki zutela hainbat denboraz, itolarrian, eta, poliziek atzo esandakoaren kontra, atxiloketaren unean ez zuela ihes egiteko asmorik izan. Halaber, Sarasola mendian behera eraman zutela esan du.
Portuk adierazi du guardia zibilek auzi medikuari ezer ez esateko esaten ziotela. Medikua poliziekin bildu ostean, hura Donostiako ospitalera eraman zuten. Kolpeak, hiru saihets puskatuta eta birika zulatuta zituen. Haren arabera, erietxean mehatxuak egin zizkioten guardia zibilek.
Sarasolak antzeko deklarazioa
11:25etan bukatu du deklarazioa Portuk -9:55etatik aritu da-, eta Mattin Sarasolak ekin dio orduan. Antzekoa ari da esaten: atxilotu eta patrol banatan sartu zituztela, guardia zibilak orduan hasi zirela kolpeka eta mehatxuka, erreka baten inguruan ere kolpatu zutela -baina bera ez zutela uretan sartu-, Madrilera bidean etengabe jo zutela, Madrilgo polizia etxean poltsa egin ziotela... 12:40etan amaitu du deklarazioa Sarasolak.
Lekukoa, bertsio ofizialaren aurka
Lekuko bat hasi orduan hizketan. Atxiloketaren unea ikusi zuen hark eta salaketa jarri zuen Bergarako epaitegian. Lekukoak ere esan du Portu eta Sarasola ez zirela saiatu ihes egiten. "Etxean telebistan Rubalcabari entzundako bertsioak ez zuen nik ikusitakoarekin bat egiten, eta epaitegi batera joatea erabaki nuen".
Lekukoak adierazi du berak ez zuela oihurik entzun, ezta indarkeria egoerarik ikusi ere.
Erizainak bustitako galtzerdiak ikusi zituen
Donostiako ospitalean Portu artatu zuen erizainak kontatu du atxilotuak jakinarazi ziola erreka batean sartu zutela. Atxilotua barne arropekin baino ez zegoen ospitalean une horretan eta, arropa itzuli ziotenean, erizainak ikusi zuen haren galtzerdiak bustita zeudela. Portuk txiza egiteko zailtasunak zituela azaldu du erizainak.
Tortura salaketen ikastaroa
Peritu gisa deklaratu duen guardia zibil batek esan du tortura salaketak nola egin prestatzeko ETAko kideek ikastaroak jasotzen dituztela, eta Portuk-eta horixe egin zutela. Salaketa horiek "faltsuak" dira, guardia zibilen ustez.
Atzo guardia zibilek zioten Portu eta Sarasola atxilotzeko unean zauritu zirela.
Bihar segituko du epaiketak
Gaur 15:00etan amaitu da saioa eta bihar jarraituko du, 9:00etan, perituen deklarazioarekin.
Eskaerak
Defentsak absoluzioa eskatua du hamabost polizientzat eta akusazioak sei urtetik hamazazpi urtera bitarteko zigorrak eskatu ditu, tortura eta lesio delituak egitea egotzita.
Espainiako Estatuak ere abokatuaren bitartez parte hartuko du, baina ez du torturak zigortzeko jarrerarik hartu; aitzitik, guardia zibilak babestu eta akusatu guztiak libre uzteko eskatua du.
Epaileak debekatu egin du epaiketako irudiak hartzea.
epaiketa
Guardia zibilek torturatu egin zituztela berretsi dute Portuk eta Sarasolak
Bi haien tortura salaketei buruzko epaiketako bigarren saioa izan da gaur Donostiako Probintzia Auzitegian. Lekukoak ere esan du atxilotuak ez zirela saiatu ihes egiten. Portuk Donostian artatu zuten erizainari kontatu zion erreka batean sartu zutela, eta honek bustitako galtzerdiak ikusi zituen. Aretoan tentsioa nabarmena da Guardia Zibileko kideek bi presoen senide eta lagunekin hartu duten jarreragatik. Bihar segituko du epaiketak. BERRIA.INFOk gaur ere zuzeneko kontaketa egin du auzitegitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu