Urriaren 8an aurkeztu zuen helegitea Jimenez Latorrek. Atristainen kaleratzea eskatzeaz gain, deklarazioaren hainbat puntu ezbaian jarri nahi izan ditu abokatuak. Ustezko etakidea bost egunez inkomunikatua izan zuten, eta horrek «presio psikologiko eta emozional handia» eragin ziola esanez hasten da helegitea.
Bi aldiz deklaratu zuen Atristainek, eta biak goizaldean izan zirela dio abokatuak, «urriaren 1ean 07:00etan, eta urriaren 3an 03:00etan».
Deklarazioa hartzeko baldintzez gain, deklarazioa bera ere zalantzan jarri du Jimenez Latorrek: «Bitxia, harrigarria eta esanguratsua» da lehenengo deklarazioan, urriaren 1ekoan, bigarrenean esandakoari buruz ezer ez aipatzea, hau da, Venezuelako bidaiari buruz, Guardia Zibilaren arabera «bigarren deklarazioa lehenengoa osatzeko» egin zenean. Are gehiago, ofiziozko abokatuak salatu du guardia zibilek lehen deklarazioan Atristaini ez ziotela galdetu gai horri buruz.
Bigarren galdeketarako, goizeko ordu bata zela hots egin zioten abokatuari. Atristaini goizeko hiruretan galdezka hasteaz aparte, abokatuen elkargoa galdeketa egingo zela jakinaren gainean ez jartzea salatu du Jimenezek. Bigarren galdeketa hori ez zegoela aurreikusia gaineratu du.
«Ez konforme»
Jimenezek uste du bigarren galdeketan guardia zibilek oinarrizko eskubideen kontra egin zutela. Gainera, Atristainek abokatuaren aurrean esandakoa eta sinatu beharreko deklarazioa bat ez datozela aipatzen du. Horregatik guztiagatik, sinatu beharreko lekuan «ez konforme» idatzi zuen Jimenezek. Hor hasi ziren abokatua ikaratzeko saioak.
«Guardia zibilek deklarazioa sinatu behar nuela esaten zidaten behin eta berriz, nire obligazioa zela adieraziz». Ezezkoa emanda, presioak gora egin zuen: «Sinatzeari uko egin ondoren, gela batean sarrarazi eta zergatik sinatu behar nuen hasi zitzaizkidan azaltzen». Egoera horretan, bost poliziak inguratu zutela dio abokatuak: guardia zibilek esan ondoren abokatuak grabatu eta argazkiak atera zizkiela, «nire sakelako telefonoa hartu, eta baimenik gabe hasi ziren egindako deiak begiratzen eta mezuak irakurtzen».
Jimenezek «ofiziozko abokatu bat besterik» ez zela eta «borondate onez eta lankidetzaz» aritu zela esanez konbentzitu zituen guardia zibilak jarrera harekin amai zezaten. Guardia Zibilaren kuarteletik ateratzen utzi ziotenean,abokatuen elkargoari gertatutakoaren berri eman zion. Helegitearen lehenengo puntuan jasotzen ditu irregulartasun horiek guztiak. Puntu hori amaitzeko, salatu du bere defendatuarekin ez diotela utzi harremanetan jartzen ez eta auzia eskuratzen.
Irregulartasunak alde batera utzita, Jimenezek uste du kautelazko beste neurri batzuk har zitezkeela Atristainen aurka. Espetxeratu ordez, pasaportea epaiketaren egunera arte kentzea edo egunero epaitegira joan beharra proposatzen du. Neurri horien bitartez, Atristain aske uztea eskatu dio abokatuak Auzitegi Nazionalari.
Atristainek eta Juan Carlos Besancek galdeketetan torturak jasan zituztela salatu zuten, AAMk jakinarazi zuenez. Bigarren galdeketan aipatu omen zuen Atristainek Arturo Cubillasen izena, baita Venezuelan egindako ustezko entrenamendua ere, eta Venezuelan argitaratu da, hain zuzen, Jimenez Latorre abokatuaren helegitea.
«Atsekabea» agertu diote elkarri Venezuelak eta Espainiak
Akusazioak, kritikak, eta kexak elkar trukatu dituzte berriro azken orduetan bi estatuetako agintariekJ. Olano.
Venezuelako Gobernuak gaitzetsi egin ditu Espainiako ministro batzuek Chavezek gidatutako taldearen aurka «sarritan» egin dituzten adierazpenak. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministro eta gobernuko eledunak, Francisco Caamaño Justizia ministroak eta Trinidad Jimenez Atzerri ministroak «asmo txarrez eta anbiguetatez» hitz egin dutela uste du Venezuelako kantzelaritzak.
Ohar berean, kantzelaritzak uste du «koldarkeria politikoa» dela Venezuelako Gobernuari eta herriari egotzi nahi izatea «Espainiak ETA garaitzeko saiakeran jasan duen porrota». Horregatik, horrelako adierazpenak berriz egin ez ditzaten eskatu du Venezuelak.
Venezuelari «fenomeno hau arrotz» egiten zaiola eta «erroa soilik Espainian» dagoela irakur daiteke oharrean. Kantzelaritzaren ustez, Venezuelako herriak eta gobernuak egunero jasan behar dute «komunikabide sentsazionalista espainiarren terrorismo psikologikoa».
Rubalcabak «atsekabe sakona» azaldu du, Espainiako Gobernuaren izenean, Venezuelako kantzelaritzaren oharragatik. «Onartezinak eta justifikaezinak» iruditu zaizkio hitzak. Hala ere. Espainiak Venezuelarekin terrorismoaren aurkako lankidetza hobetzeko lanean jarraituko duela esan du.