«Guda politikoan» tranparik ez egiteko eskatu diote Rubalcabari

Amaiurrek ohartarazi du «lupak eskuz eta begiz» aldatu direla, Jarraipen Batzordeari erreferentzia eginezEsparru politikoa aldatzeko zilegitasuna duen bakarra gizartea dela ohartarazi dute

Amaiurreko hautagaiak, atzo, prentsaurrekoa eman ostean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
«Herri gisa» joango dira Madrilera Amaiurreko ordezkariak. Euskal Herriaren nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea defendatzera. Eskubide indibidual eta kolektiboak eskuratzera. Alfredo Perez Rubalcabak ere ulertu du borroka politikorako garaia dela. Orain beraien «gudua» arrazoiarekin abertzaleei botoak kentzea dela esan zuen larunbatean. Hitz horiei erantzun die Iñaki Antiguedad Amaiurren Bizkaiko zerrendaburuak, «hiztegia desarmatzeko» garaia ere badela ohartarazi ostean: «Rubalcaba, prest gaude gudu horretarako, baina ez ezazu tranparik egin. Ez ekarri zure konstituzioaren 8. artikuluan agertzen diren indar armatuak». Ideiak eta proiektuak jarri behar dira aurrez aurre, haren irudiko. «Gure berme bakarrajendea da, gehiengoa», esan du, eta Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kide espetxeratuari keinu egin dio: «Otegik esaten duen bezala, konbentzitzen duenak irabaziko du».

Espainiako bozetarako hautagaiekin prentsaurrekoa eman du Amaiurrek. Hautagaitza ez duela inpugnatuko jakinarazi du Espainiako Gobernuak, eta Antiguedadek esan du zerrendak legez kanpo uzteko «inoiz» ez dela arrazoirik egon eta orain are gutxiago daudela. Gainera, ohartarazi du «lupak» beste esku batzuetan daudela. Joan zen astean Aieteko Bakearen Etxean egindako nazioarteko konferentzian hainbat eragilek ezagutarazitako ebazpena ekarri zuen gogora, eta esan zuen bosgarren puntuan prozesuaren Jarraipen Batzordea osatzeko prestasuna adierazi zutela.

«Batzuek zerrenda jakin batzuk aztertzeko erabili izan dituzten lupak eskuz aldatu dira, eta baita begiz ere». Azaroaren 20aren ostean Espainiako gobernuburu berria izango denarentzat «ezerosoak» izan daitezkeela eman du aditzera.

Antiguedadek ez ezik, Maite Aristegi Gipuzkoako zerrendaburuak ere hitz egin zuen atzoko prentsaurrekoan. Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatutako koalizioak hiru lehentasun dituela azaldu zuten: Euskal Herriaren nazio izaeraren eta erabakitzeko eskubidearen aitortza, batetik; «behin betiko bake eta konponbide demokratikoen prozesuan» aurrera egitea, bestetik; eta aldaketa politiko eta soziala bultzatzea, hirugarrenik: «Bestelako mundu bat posible da leloa gure egiten dugu». Horretaz gain, Gernikako Akordioan jasotako puntu guzti-guztiak ere bere egiten dituzte.

«Inoiz baino eskuragarriago»

Amaiurren irudiko, «inoiz baino eskuragarriago» dago «gizabanakoen eskubide zein eskubide kolektiboen errespetuan oinarrituriko bake jokaleku bat atzemateko aukera erreala». Izan ere, nazioarteko konferentziaren eta ETAren armak uzteko iragarpenaren ondoren Euskal Herriak «egoera erabakigarri eta historikoa» bizi duelakoan daude. Bozak horretan sakontzeko «aukera ezin hobea» direla uste dute. «Gure apustua are gehiago indartzen da».

Erabakitzeko eskubidea «euskal gizartearen agendan» dagoela uste dute hautagai abertzaleek: «Euskal gizartea ez dago ez konforme ez eroso amaiturik dagoen eta nazio aldarrikapenari erantzunik ematen ez dion esparru juridiko-politiko honekin». Hori aldatzeko zilegitasuna duen bakarra euskal gizartea da, Amaiurren irudiko, baina Espainiako Estatua «beharrezko aktoretzat» jotzen dute «bake eta normalizazio politikoari dagokionez lehentasunezkoak diren zenbait arlotan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.