Euskara plana. Gipuzkoa

"Gugandik hau espero zen"

Joan den urtarrilaren 8an aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak 2013-2017 urteetarako euskara plana. Berria da plana, baina bertako puntu asko 2009ko plana garatzetik datoz; horietan buru-belarri aritu dira lanean, urratsez urrats paperean jasotakoa praktikara eramanez.

Administrazioarekin euskaraz dioen kartel bat Gipuzkoako Foru Aldundian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Eider Goenaga Lizaso.
2015eko urtarrilaren 23a
13:04
Entzun

Euskarari lehentasuna emanez, euskararen eta gaztelaniaren arteko desoreka berdintzea du xede Gipuzkoako Foru Aldundiaren euskara plan berriak. Kanpora begira —aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuen hartzaileei begira— eta barrura begira —aldundiko barne funtzionamenduari begira— egindako plana da. Eta helburu behinena, argia: aldundiarekin eta aldundian, euskaraz egin nahi duenak euskaraz egin ahal izatea; oraindik hori ez baita posible.

2013-2017 artekoa da euskara plana, eta 2009ko planak ezarritako irizpideen segida izan nahi du. Izan ere, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Euskara zuzendariaren arabera "aurreko araudia egokia eta baliagarria" zen. "Baina aplikazioa bizkortu eta indartzea" izan zen euren asmoa hasieratik, eta horrela egin dute lau urteotan. Hala, plana aurkeztu dutenerako, bertako hainbat puntu jada ez dira asmo hutsak.

ZERBITZUAK EUSKARAZ

Planak jasotzen duenez, 2015eko urtarrilaren 1erako aldundiak gai izan behar zuen zerbitzu oro euskaraz eskaintzeko. "Badakigu ez dugula bete-betean betetzen. Baina urte hau erreferentzia bezala jartzeak markatu digu aurreko urteetan egin dugun lanaren erritmoa", dio Etxeburuak.

Hizkuntza gaitasunaren aldetik, aldundian egoera ona zela dio. 1.800 langile dira, eta %84k daukate hizkuntza eskakizuna egiaztatuta. "Baina jendaurreko lanean bazeuden langileak hizkuntza gaitasuna ez zutenak. Hala, batzuek hizkuntza gaitasuna egiaztatu dute, baina beste batzuk postuz aldatu behar izan ditugu, jendaurrean zegoena atzera pasatuz adibidez". Hamabi postu aldaketa egin dira guztira; horietako zortzi, Ogasunean.

Beste kontu bat da, aldundiarenak izan arren, kanpoko zerbitzuak direnak. "Esaterako, zaharren egoitzei-eta lotutakoak oraindik kanpoan ditugu, eta horietan badakigu ez dugula lortuko. Jarri ditugu hizkuntza irizpideak kontratazioetarako, baina oraindik asko dago egiteko". Etxeburuaren arabera, urrats garrantzitsua izango da foru aldundiak hamasei eguneko zentro bere egitea. "Publifikazio prozesu horretan, euskara erdi-erdian sartu dugu. Prebentiboki jokatu da. Bestela, hasi beharko genuke gerora zuzentzen aurrez gaizki egindakoak. Kasu honetan, hizkuntza irizpideak jarriko ditugu hasieratik, hizkuntz eskakizunak, derrigortasunak eta abar".

Ogasuneko errenta kanpaina da eginiko lanaren beste adibide bat. Urtero hainbat jende kontratatzen du Ogasunak errenta kanpaina egiteko. "Gu heldu arte ez zegoen derrigortasunik postu guztietan, eta guk jarri genuen, EGA eskatu genien langile guztiei. Nahiko agerikoa ematen zuen, baina aurretik ez zegoen".

Etxeburuaren arabera, ezin dute esan egindakoaz "harro" daudenik, dagoeneko egina behar zuelako, baina asko aurreratu dela dio. Neurketa egitekoa dute aurten. "Guretzat garrantzitsuena da jendaurreko gune guztietan Gipuzkoako herritar guztiek nahi duten hizkuntza ofizialean harremanetan jartzea aldundiarekin. Kito. Eta hor teknikoki ez dago modulaziorik, herritar guztiek dute eskubidea", gaineratu du Joxean Amundarain Hizkuntza Normalizazioko arduradunak.

KONTRATAZIOAK

Foru aldundiak kontratatzen dituen zerbitzuetan hizkuntza irizpideak jarriko direla dio euskara plan berriak, baina, berez, 2009tik daude ezarrita irizpideak, zorrotz betearazten ez ziren arren. "Arlo honetan, 2011n egin genuen lehen ebaluazioak esan zigun kontratuen %40-44 inguruk betetzen zituztela hizkuntz eskakizunak. Ez zen asko. Aplikatzen ari zen, baina ez gehiegi; batzuei bai eta besteei ez... Orduan egin genuena da hasiera-hasieratik gai horretaz arduratzen diren funtzionarioei deitu, eta esan 'gai hau zentrala da guretzat, ez da aukerakoa, aplikatu behar da'. 2013aren bukaeran kontratuen %93ra iritsi ginen".

Amundarainek azaldu du beste %7arekin zer gertatzen den: "Hornikuntza kontratuak eta abar dira, non oso zaila den hizkuntza irizpideak sartzea. Adibidez, orri zuriak edo komuneko papera hornitzen dizkiguten enpresekiko kontratuan... zaila da".

Deskargako mendateko obrak egin behar zituen enpresaren kontratazioa izan da arlo honetan zeresan gehien eman duena. "Esanguratsua izan zen, ezohikoa, eta horregatik azpimarratu nahi izan genuen", azaldu du Etxeburuak. Obra egin behar zuen enpresari gutxienez bi teknikarik EGA titulua izatea eskatu zitzaion. Enpresaren zereginetako bat zen herritarrekin harremana izatea —adibidez, baserrietara joatea azalpenak ematera— eta aldundiarentzat ezinbestekoa zen hori egin behar zutenek euskaraz egiteko gaitasuna izatea.

Kontratatutako enpresetan eskaera hori naturaltasunez hartu dela uste du Etxeburuak. "Jendea deika hasi zen, bai hona, bai euskaltegietara, bai euskalgintzako aholkularitza enpresetara. Informazioa nahi zuten, ez ziren kexak". Eta datuetan ere antzematen da; izan ere, 2013an, aldundiak kontratazioetan euskara irizpideak sartuko zituela iragarri ostean, berrogei enpresak eskuratu zuten Bai Euskarari ziurtagiria. Etxeburuaren ustez, erakundeek euskara derrigortasuna ezartzeak balio erantsia ematen dio hizkuntzari. "Kasu honetan, egiten ari garena da herritarren hizkuntza hautua zaintzea. Bi hizkuntza ofizial daude, baina bata bestea bezain ofiziala da, eta hori da guk herritarrei transmititu dieguna. Jendeak logikaz ikusten du, eta kontratazioen gaian ikusi da".

Hizkuntza irizpideak ezartzea "deserosoa" dela dio Etxeburuak, "eroso dagoena mugiaraztea" esan nahi duelako. "Orain arte, herritar baten borondatearen baitan utzi izan da beste herritar baten eskubidea betetzea edo ez. Eta hori ezin da horrela izan".

Foru sozietate publikoei dagokienez, araudi berriak euskara plana edukitzera behartzen ditu. "Aldundiak zerbitzu asko dauzka kanpora aterata, eta hor lan egiten duten langileak ez dira berez gure langileak. Euskarari kalte egin dio horrek, eta hori zuzentzen ari gara". Bidegik, esaterako, jada onartua du, eta Uliazpi ere ari da. "Baina denek egin beharko dute euskara plana".

DIRU LAGUNTZAK

Araudi berriaren arabera, aldundiaren diru laguntza jasotzen duten elkarte eta enpresek ere euskara erabili beharko dute diruz lagundutako jardueraren dokumentu, euskarri, publizitate eta agerpen publikoetan; modu "duinean" eta bi hizkuntza ofizialen berdintasuna zainduz. 2009tik ezarritako irizpidea da hori ere, baina Etxeburuak onartu du arazoak daudela puntu hori zorrotz betearazteko. "Honetan berdexeago gaude, oso zaila baita laguntzen jarraipena egitea".

Eman beharreko pausoetako bat da herritarrei honen berri ematea. "Diru laguntza eskuratzen dutenek jakin behar dute ezin dutela euskararekin edozer gauza egin, eta hor duintasunaren marra jarri nahi dugu. Mezuak sendoa izan behar du, eta beraiek sentitu behar dute oso goitik datorrela agindua, eta derrigor bete beharrekoa dela". Etxeburuak ez du dudarik egiten, euskararen irizpideak betetzea ezin da utzi elkarteen borondatearen arabera. "Kartel bat egiten badu, kartela bi hizkuntzetan egin beharko du, eta abar eta abar. Ez badu egin nahi, edo erabaki badu euskara baztertzea, ez du laguntza publikorik jasoko".

Amundarainek azaldu du auditoria eredu bat prestatu dutela, diru laguntzen inguruko hainbat parametro neurtzeko, tartean euskararena. "Lagin bat hartuko dugu, eta horietan aztertuko dugu nola betetzen diren hizkuntza irizpideak". Dena den, betekizun maila ezin da beti bera izan, "ez baita gauza bera elkarte txiki bati 800 euro ematea, edo erakunde bati milaka euro ematea".

HEDABIDEEKIN EUSKARAZ

Hedabideen aurrekoak eta agerraldi publikoak euskaraz egitea agintaldi hasierako erabakia izan zen. Diputatuen kontseiluko erabakien berri emateko prentsaurrekoetan hasi ziren horrela egiten. Prentsaurrekoa euskaraz, eta itzulpen zerbitzuarekin gazteleraz. "Batez ere, diputatuei begira hasi ginen honekin, diputatu denak euskaldunak izanik askok nahiago baitzuten euskaraz egin; lasaiago egiten zuten". Bi hizkuntzetan egiten saiatu ziren lehenik, baina ez ei zuten lortzen herritarrek euskaraz egiten duen administrazio baten irudia jasotzea. Egun euskaraz egiten dira prentsaurrekoak, eta parte hartzaileek nahi badute gazteleraz erantzuten dituzte galderak.

Etxeburuaren arabera, euskararen inguruko erabaki hauetako guztietarako oso garrantzitsua da gobernu osaera. "Arduradun guztiak gara euskaldunak, eta horietako asko oso euskaltzale eta oso tiratzaileak. Batzuek ezta pentsatu ere gazteleraz egitea. Eta horrek erraztu egin du, noski, aldaketa hauek egitea".

"Jarrera aldaketa handia izan da, eta galderen txandan gazteleraz erantzuteko aukera izan arren, kide gehientsuenek euskaraz erantzuten jarraitzen dute, euren hautuz". Hedabideentzat, berriz, normala bihurtu dela eta normalki arazorik ez duela ematen azaldu du Etxeburuak.

BARNEKO JARDUNA

Euskara Zuzendaritzarentzat puntu garrantzitsuenetako bat da aldundiko barne jarduna euskaraz egitea. Langileen %84k hizkuntza gaitasuna egiaztatua izanik, lanaren zati bat egina zegoen. "Baina ez gara ari gaitasunaz bakarrik, baizik eta praktikaz, lana euskaraz egiteaz, horrek esan nahi duen guztiarekin. Horregatik ez genion eperik jarri, nahiz eta jarri beharko diogun".

Hainbat atal ditu puntu horrek; bilerak, barruko komunikazioak, informatika programak... "Izan ere, nahiz eta lortu dugun, esaterako, herritarrari zerbitzua euskaraz ematea, askotan langile horrek buelta eman eta gazteleraz egiten du. Beraz, hor txip aldaketa oso bat behar da, eta horretarako irizpideak dira planean jaso ditugunak. Adibidez, hirugarren eta laugarren hizkuntza eskakizuna dutenek euskaraz lan egitea, euskaraz sortzea dokumentuak, bileretako hizkuntza lehentasunez euskaraz izatea...". Promoziorako ere ezinbestekoa izango da euskara jakitea, postu aldaketa baterako frogak egiten dituenak azterketetako bat euskara hutsean egin beharko baitu.

Oro har Euskara Zuzendaritzak bultzatu dituen aldaketen inguruan Etxeburuak oso argi du egin beharrekoa egiten ari direla, hainbat gustatu ez arren. "Nik hasieratik esan izan dut: guregandik hau espero zen. Ez badugu guk behartzen euskaraz lan egitera, nork behartuko du? Eta aldundian ere espero zuten halakorik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.