Bilboko Guggenheim Museoak agindutako kanpo auditoria baten arabera, "zantzu argiak" daude museoko Administrazio eta Finantza zuzendari ohi Roberto Zearsolok beste 62.237 euro ebatsi zituela esateko. Kopuru hori bederatzi zatitan bereganatu zuela uste du auditoriak. Lehenagotik ia milioi erdi euro ostu zituela jakin zen; apirilean jakin zen hori, eta Zearsolok berak hori aitortu zion Bilboko instrukzio epaitegiko 1. zenbakiko epaileari. Kasu hori dela-eta Eusko Legebiltzarrak Guggenheimen jarduera ekonomikoa ikertzeko batzordea sortzea erabaki zuen.
Gainera, auditoriaren egileen esanetan, aitortutakoa baino 7.265 euro gehiago ebatsi zituen Zearsolok. Hortaz, ostutako kopuru osoa 494.244 eurokoa litzateke.
Juan Ignacio Bidarte Guggenheim museoko zuzendariak Zearsoloren kontrako salaketa jarri zuen Bilboko epaitegian iragan apirilaren 16an. Egun bat lehenago, kargutik egotzi zuen hura, ustez egindako finantza eta kontabilitate iruzurrengatik. Finantzaburu ohiak geroago aitortu zuen 1998tik 2005era bitartean 486.979,38 euro lapurtu zituela.
Ostutako dirua itzuliko zuela agindu zuen Zearsolok. 251.000 euroko txekea bidali zion Bidarteri, apirilaren 11n helarazi zion gutunarekin batera. Bidartek geroago azaldu zuenez, 36.000 euro gehiago itzuli ditu finantzaburu ohiak. Gerora dirua itzultzen segitu du, eta dagoeneko 437.900 euro bueltatu ditu.
Horrenbestez, gutxi gorabehera 112.000 euro geratzen zaizkio itzultzeko Zearsolori. Aurretik bueltatzeke zituen 49.079 euro gehi orain auditoriak aipatutako 62.237 euroak.
Kultura
Guggenheimeko finantza zuzendari ohiak beste 62.237 euro lapurtu zituen zantzuak daude
Bilboko museoak agindutako auditoria batek "zantzu argiak" aurkitu ditu Roberto Zearsolo akusatzeko. Apirilean jakin zen 486.979 ostu zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu