«Guk, printzipioz, EA eta UPNrekin elkarlanean aritzeko asmoa dugu»

Euskal Herriko alkate gazteenetakoa izango da ekainaren 16an, eta jaso duen babesa ardura handia dela aitortzen du

joxerra senar
2007ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Abertzale Ekintzak Leitzan gehiengo absolutua lortu ostean, Xabier Zabalok badaki hurrengo alkatea izango dela. Eta datorren agintaldiko Euskal Herriko alkaterik gazteenetakoa izango da, gazteena ez bada. Erronka horren atarian, ilusioz dago, baina kargu berriaren erantzukizuna ere nabari du.

Aurreko agintaldiarekin alderatuta, Leitzan egoera erabat aldatu da. Zergatik gertatu da hori?

Orain dela lau urte sentsibilitate politiko guztiek ez zutelako aukera bera izan lehiatzeko.

Duela lau urte boz baliogabeak 553 izan ziren, eta orain EAE-ANVk 846 lortu ditu. Gainera, aurten, Leitzan bildutako bozen ia erdiak zuen alderdira joan dira. Zer adierazten dizu emaitza horrek?

Aldaketarako gogo handia zuela jendeak, eta ezker abertzaleak azken lau urteetan herriari begira lana ondo egin duela.

Espero al zenuten horrelako emaitzarik?

Hain onak ez. Emaitza txukunak espero genituen, eta jakinda lehendik 553 bozeko oinarri bat zegoela eta gero jende bat guregana etorriko zela. Baina hainbeste ere ez genuen espero.

Espero al zenuten gehiengo absolutua lortzea, ala horren mugan ibiliko zinetela uste zenuten?

Bai, bost zinegotzi inguru izatea espero genuen, eta beste alderdi politikoek egindako adierazpenen arabera, guk bost zinegotzi lortzea espero zuten. Baina azkenean sei izan dira, eta ezustea izan da.

Aurreko agintaldiko alkatearen kargu hartzea nahiko istilutsua izan zen. Aurten urak bere onera itzuliko al dira?

Hala izango ahal da! Alderdi denek parte hartzeko bidea badute, ikusten da herriaren argazkia zein den, eta egoera lasaiagoa dela ematen du. Jendeak onartzen ditu erabakiak, hala izan behar dutelako. Ez duelako inork kanpotik esaten.

Zure ikuspuntutik, nolakoak izan dira azken lau urteak? Zigortu egin al dute udal gobernuaren jarduera?

Gure ikuspuntutik, bai, zigortu dute azken lau urteotako bidea. Haiek ere [Aralarrek] onartzen dute, zigor bat jaso dutela. Ikurrinaren auzia, edo bere garaian udalbatzan sartu nahi izan zuten 317 etxebizitza egiteko proiektua. Alde horretatik bai, jaso dute zigorra. Ezker abertzalearen aurrean jarrera gogorra izan dute, eta ez diote parte hartzen utzi. Eta ezker abertzaleak, hala eta guztiz ere, erakutsi zuen parte hartu nahi zuela.

Aralarrek, alkatea eta lau zinegotzi izan ondoren, orain bat ere ez du. Esanguratsua iruditzen zaizu?

Haien kontua da. Nire ustez, ez dute ulertu aukera bat izan zutela eta jendeak ezker abertzalearen alde ezin zuelako bozkatu eman ziela boza. Nire ustez, ez dute hori kalkulatu.

Ekainaren 16an izango da kargua hartzeko eguna. Zein izango da hartuko duzun lehen erabakia?

Ufa, ez dakit zein izango den lehenengo erabakia, baina niretzat interes handia duen gaia etxebizitzaren auzia da. Oso aukera gutxi dago, eta lehenengo lantzeko bi bideak izango dira alokairua bultzatzea eta Leitzaren beharretara egokitzen diren etxebizitza berriak egitea. Lehenengo erabakia ez dakit zein izanen den, baina lehentasuna hori da.

Etxebizitzarena aipatu didazu. Zeintzuk dira uneotan Leitzak uneotan dituen beste behar nagusiak?

Lana [berehala erantzun du]. Azken urteetan Leitzako gazte guztiek kanpora joan behar dute lan bila, eta horren inguruan bai dugu pentsatua azterketa bat egitea. Leitzan gai desberdinak ukituz, lanpostuak sortzea helburu dugu. Industrian, turismoan, baserritar munduan... Ez dugu nahi toki batean zentratu,baina hori bultzatzen saiatuko gara.

Udaletik lana bultzatzeko neurriak har daitezke?

Espero dut baietz. Uneotan ez dakit egoera nola dagoen. Hasieran kostatuko zaigu, baina gure buruan dugu hori aurrera ateratzea.

Maiz alderdi politikoek herritarren partaidetza bultzatzeko neurriak hartuko dituztela aipatzen dute. Alor horretan zer egiteko asmoa duzue?

Hori funtsezkoa da. Ezker abertzaleak beti proposatu du herriaren parte-hartzea, gauza orotan. Hori funtsezkoa da, filosofia bat da.

Zuek EArekin eta UPNrekin harremanik izango duzue, ala azken lau urteetan gertatutakoak eraginik izango du?

Ez. Esaten dute gehiengo absolutuak izaten direla kudeatzeko zailenak. Guk, printzipioz, bai Eusko Alkartasunarekin bai UPNrekin elkarlanean aritzeko asmoa dugu. Batzorde bat edo eskaini daiteke baina horretako lanerako ildo batean sartu behar dira. Pasatu dena pasatu da, eta ea lau urte hobeagoak izaten ditugun!

UPNn zer-nolako jarrera ikusten duzue?

Gu nahiko berriak gara, eta maila pertsonalean ez dugu harremanik. Saiatuko gara, eta ikusiko da.

EAE-ANV aipatzen ari da udal hauteskundeetan lortutako bozak konponbide prozesuari begira ere erabil daitezkeela.

Oso zail dago. Uneotan dagoen gauzarik garrantzitsuena prozesu demokratikoa da, eta esan denez, ahuldade unean dago. Guk egin dezakegun gutxienetik indar guztiekin egin behar dugu bake prozesuak aurrera jarraitzeko. Nahi duguna da, eta saiatu beharra dago.

26 urte dituzu, eta zer-nolako erronka da zuretzat Leitzako alkatea izatea?

Erronka oso garrantzitsua. Jaso dugun boz kopurua ikusita erantzukizun handia ere bada. Jendeak konfiantza handia jarri du gure taldearengan eta niregan.Poza ere handia izan da, jakina. Orain filma bat grabatzen ari dira Leitzan, eta jende ugari etorri zait besarkatzera. Jendeak zorionak eman dizkit, eta beste askok, normala denez, bere ikuspuntutik ere gauza arraroak esan dizkidate, baina tira...



NorTasun aGIrIa

Jaioteguna. Leitza, 1981ean.

Ikasketak. Goi mailakoinformatika eta telekomunikazio zikloak.

Ibilbide politikoa. Ezker abertzaleko militantea da.

Zaletasunak. Dantza, futbol entrenatzailea eta Osasunako bazkide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.