Murrizketak. Kaltetuen ahotsak

Guraizeen ahoan harrapatuta

Murrizketa sorta baten azken neurria izan da etorkinei osasun zerbitzuetarako sarbidea oztopatzea. Mozketen eragina jasan beharko dute immigranteek, gaixoek, adinekoek, ikasleek, irakasleek eta beste milaka herritarrek.

Etorkin talde bat, murrizketen aurka protestan, artxiboko irudi batean, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Egun batean bai eta hurrengoan ere bai, murrizketak eta murrizketak iragarri ditu asteon Espainiako Gobernuak. Osasunean eta hezkuntzan 10.000 milioi euro aurrezteko neurriak iragarri dituzte. Azkena, immigranteei osasun zerbitzuetarako sarbidea zailtzea. Erroldako agiria izatea ez da aski izango medikuarenera joan ahal izateko. Aurreko neurriekin bezala, kritikak oldean sortu ditu Madrilgo gobernuaren asmoak. Milaka eta milaka euskal herritarrek pairatuko dituzte murrizketak. Defendatu egin ditu PPk: «Ausartak, irmoak eta ezinbestekoak dira», esan du Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusiak.

Osasun txartela «errazegi» eskuratzen dute etorkinek. Hori uste du Ana Mato Espainiako Osasun ministroak. Zerbitzuak oker erabiltzen dituztela argudiatuta, oztopoak jarriko dizkie txartela lortzeko: zailagoa izango dute erroldan izena ematea, eta, gainera, nahitaezko izango dute egoitza baimena izatea eta zergak ordaintzen dituztela egiaztatzea. Baldintza horiek betetzen ez dituzten etorkinek larrialdietara eta umeak izatera soilik joan ahalko dute erietxera. Milaka eta milaka pertsona dira Hego Euskal Herrian.

Krisia aitzakia hartuta etorkinen eskubideen aurka egin nahi dutela salatu du SOS Arrazakeriak. «Osasun turismoa esaten dioten horrek batez ere Europako Batasuneko herritarrei eragiten die; hori mugatzeko aitzakiarekin, egoera irregularrean daudenen eskubideetan atzera egin nahi dute». Legez kanpoko neurria dela uste du arrazakeriaren aurkako taldeak; haren arabera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak esana du ezin direla horrelako neurriak hartu etorkinen eskubideen aurka. «Krisiak ezin du izan aitzakia etorkinak eskubiderik gabe uzteko; haustura eragingo luke horrek». Herritar guztiei egin die dei SOS Arrazakeriak, horrelako neurriek azkenean denei eragingo dietela irizten baitio.

Eusko Jaurlaritzak ere ez du ondo ikusi etorkinei osasun zerbitzuetarako bidea zailtzea. «Neurri gogorra eta okerrekoa da», esan du Gemma Zabaletak, Gizarte Gaietarako sailburuak. Immigranteek lan egiteko eskubidea behar dutela nabarmendu du: «Beharrean arituz gero, ez lukete beharko gizarte laguntzarik eta ez lukete ezkutuko ekonomian jardungo». Lanik egiten ez dutenen egoera «berrikustearen» alde azaldu da. «Baina ezin ditugu hasieratik prekarietatera eraman eta ezin diegu osasuna ukatu».

Osasun alorrean 7.000 milioi euro aurreztea da Madrilgo gobernuaren asmoa. Etorkinei sarbidea mugatzearekin batera, botikak hartu ditu jomugan: erretiratuek sendagaiaren balioaren %10 pagatu beharko dute —orain ez dute ordaintzen—, eta lanean ari direnek, %50 —orain %40 pagatzen dute—. Urtean 18.000 euro baino gutxiago kobratzen dituztenek izango dituzte aringarriak: erretiratuen kasuan, hilean zortzi euro pagatuko dituzte gehienez botiken truke; lanean ari direnek %40 pagatzen segituko dute. Laguntzarik ez duten langabetuek doan jasoko dituzte botikak.

Osasunekoak ez, baina hezkuntzako murrizketak indarrean dira gaurtik. Dekretua atzo kaleratu zuten. Ikasleak pilatzeko aukera jarri dute, eta nahitaezko neurri gisa ageri da irakasleei eskola ordu gehiago jartzea —gutxienez 25 Lehen Hezkuntzan eta 20 Bigarren Hezkuntzan— eta ordezkapenak hamargarren eguna pasatu arte ez egitea. Unibertsitatean, prezioak %70 garestitu ahalko dituzte —masterretan, osoa ikasleak ordaintzea eskatu ahalko dute—, eta ikerketarik egiten ez duten irakasleek eskola gehiago eman beharko dituzte nahitaez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.