Sindikatuekin eta irakasleekin batera, hezkuntzan ezarri nahi dituzten murrizketen aurka lanean ari dira gurasoak ere Nafarroan. Sortzen Ikasbatuaz eta Herrikoa taldeek manifestaziora deitu dute ekainaren 2rako; 18:00etan abiatuko da, Antoniutti parketik. Deialdiarekin bat egin dute ELA, LAB, EILAS, CCOO, AFAPNA, ANPE, CSIF eta UGT sindikatuek, bai eta Ikasle Abertzaleek eta Ikasleen Batzarrak ere.
Hilaren 22koa izan zen sindikatuek iragarritako hiru greba egunetatik lehendabizikoa. Datorren astean, 29an eta 31n, bertze bi eginen dituzte. 29rako ere manifestaziora deitu dute sindikatuek. Ez dira bakarrak. Sindikatuok eta Lan eta Lan Auzolan taldeak antolatutako batzarretan sortutako herri taldea da M-29 Gora San Grebin, eta egitarau handia prestatu du datorren asteko lehen greba egunerako. Sindikatuen manifestazioa 12:00etan izanen da, eta bertan parte hartuko dute. 17:00etan askaria eginen dute Gazteluko plazan, eta 19:00etan Riau-Riaua. Umorez, sanferminez girotuko dituzte protestak. Atzo ere, protestak egin zituzten Nafarroako hamaika ikastetxetan. Iruñeko Eunateko irakasleek eta ikasleek, adibidez, barruko arropa zintzilikatu zuten, murrizketek larrugorrian utziko dituztela salatzeko.
Guraso elkarteek manifestaziora deitu dute Iruñean, ekainaren 2rako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu