Peru Sasia. Fiareko zuzendaria

«Gure erabakiek gizartean duten eraginaren ardura hartzen dugu»

Finantzei «begiak eta aurpegia» jartzeko asmoarekin sortu zen Fiare banku etikoa, aurtengo Ignacio Ellakuria sariaren irabazlea.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Ezohiko bidea hasi zuten zenbait eragilek 2005ean Bilbon. Inbertsio eta Aurrezte Arduratsua Fundazioa, Fiare, Euskal Herriko lehen banka etikoko egitasmoa hasi zuten, helburu jakin batekin: gizartearentzat positiboak ziren proiektuak finantzatzea. Sei urteren buruan, Eusko Jaurlaritzak Ignacio Ellakuria Garapenerako Lankidetza Sariarekin aitortu dio orain arte egindako lana. Atzo jaso zuen saria Peru Sasia zuzendariak (Bilbo, 1961).

Zer dakarkio Fiareri Ignacio Ellakuria saria jasotzeak?

Erakunde, elkarte edo pertsonen babesa jasotzea funtsezkoa da guretzat. Gure egitasmoa gizarte sareen gainean eraikia dago, baina, aldi berean, haizearen kontra doan egitasmo ekonomikoa da, beste zerbait eskaintzen duena. Egitasmoaren zilegitasuna egunero eraikitzen dugu, eta sariak bultzada handia ematen digu.

Haizearen kontra doan egitasmoa dela aipatu duzu. Zeintzuk dira Fiareren ezaugarri ezberdin horiek?

Bi ardatzekin daude lotuta gure nortasunaren ezaugarriak. Lehena egitasmoaren beraren sorrera da. Aurreztu eta kredituak emateko tresna bat sortu zuten zenbait elkartek eta gizabanakok. Horrenbestez, gardentasuna, parte hartzea eta egindakoaren kontu ematea oso garrantzitsua da.

Zein da bigarren ezaugarria?

Egungo egoerak behartuta, pertsona asko daude babesgabetasun egoeran, eta pertsona horietaz arduratzen diren egitasmoetara bideratzen du dirua Fiareko finantza bitartekaritzak. Hau da, kredituak izaera onbideratzailea du gure egitasmoan.

Zer motatako egitasmoak finantzatu dituzue?

Bazterkeriaren aurkako borrokan eta laneratzearen arloan, enplegu heziketarako zentro bat finantzatu dugu Boluetan, eta bidezko merkataritzako kooperatibekin ere lan egin dugu. Nekazaritza ekologikoko egitasmoei ere maileguak eman dizkiegu, Bilbo inguruan kontsumo taldeak sortzeko.

Eta nazioarteko egitasmoen finantzaketak lekurik ba al du?

Bai, noski. Hegoaldeko herrialde batzuetan aurrezki eta kreditu kooperatibak sortzeko maileguak eman ditugu, Ekuadorren kasu. Abidjanen [Boli Kosta] nekazaritza eskola baten sorrera ere finantzatu dugu, besteak beste.

Agian, beste banku batzuek segurutzat jo ez dituzten kredituak ematen dituzue, baina gordailugileen kapitalaren segurtasuna bermatu behar duzue. Nola lortzen duzue oreka?

Egitasmo bideragarri bat sortzea eta egitasmo izugarri errentagarria sortzea ez da gauza bera. Gugana datorrenak ondo daki ez dugula aparteko errentagarritasun ekonomikorik bilatzen, inondik inora. Ordea, ekonomikoki bideragarria izan nahi duen banka etikoko egitasmoa egonkortu dugu.

Nolanahi ere, egitasmo batzuek arriskua izan dezakete, nahiko bermerik ez dutelako edo...

Arrisku handiagoko kredituak ematean, aurrezki-kreditu zirkuitu bereziak sortzen ditugu, eta bertara jotzen dutenak ados daude arrisku horiekin, edo interesari uko egitearekin. Beste banku zirkuitu bat badugu, ordea, gizartean eragin handia duten egitasmoen finantzaketaz arduratzeko; elkarte, kooperatiba edo bestelako eragileek sustatutako egitasmoak izan ohi dira, eta ohiko bankak sustatutako beste batzuk baino seguruagoak dira.

Fiareren izenaren barruan, arduratsu izenondoa dago. Orain aipatu duzun ildo horretatik datorkio?

Arduratsu hori herritartasunarekin oso lotuta dago. Gure erabakiek gizartean duten eraginaren ardura hartzen dugu. Alde batetik, ardura aurreztailearena da, bere diruarekin zer egiten den jakin nahi duelako, eta, bestetik, finantzaketa eskatzen duenak ere badu ardura, kreditua eskatu, eta itzuli egin behar duelako.

Nola neurtzen da banka etikoaren etika?

Etika ardurarekin lotuta dago, eta finantzaketa eskatzen duten egitasmo guztien ebaluazio etiko-soziala egiten dugu; egitasmo horren lan ildoa ezagutzen duten batzordeek aztertzen dute. Ekonomikoki munduko egitasmo mamitsuena izan daiteke, baina batzordeak ezetz esaten badu...

2005etik ekonomiaren gorakada eta gainbehera bizi izan duzue. Lanean hasi zinetenetik, zer-nolako bilakaera ikusi duzue?

Gure egitasmoak ez ditu inbertitzaile handiak erakartzen, baina askorentzat ezustekoa izan da gure bilakaera, bai ildo sozialean, bai finantzaketa alorrean. Espainiako Estatuan hedatu den sare trinko bat osatu dugu; 2.500 pertsona eta elkarte baino gehiago dira Fiareko bazkide.

Eta finantza arloan?

30 miloi euroko aurrezkiak gaindituko ditugu urte bukaeran, eta hilean milioi bat euroko finantzaketa ematen ari gara. Ohiko finantza erakundeetatik urrun gaude, baina guretzat ikusgarria da hilero milioi bat euro gizartean eragin positiboa duten egitasmoetara bideratu ahal izatea.

Alegia, haizearen kontra doan egitasmoak badu babesa gizartean.

Egungo sistema kapitalista kulturala dela uste dugu. Gizartearen jarreran eragiten du. Modu jakin batean moldatzen gaitu. Horri bakarrik aurre egitea zaila da. Taldean borrokatzea errazagoa da, elkartasuna, lankidetza eta altruismoa azalaraziz.

Hori izan al daiteke egungo krisi ekonomikoa gainditzeko modu bat?

Modu bat izan daiteke, eta askok pentsatzen dugu bertatik ateratzeko modu bakarra dela.

Etorkizunera begira, zer asmo du Fiarek?

Egitasmoaren lehen fasea ia bukatu dugu, eta beste pauso batean pentsatzen jarriko gara. Kreditu kooperatiba gisa lan egin nahi dugu, eta ohiko banku zerbitzuak eskaini: kontu korronteak, Internet bidezko bankua...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.