Irailaren 11n Diada egingo dute Katalunian, eta 18an bere etorkizuna erabakiko du Eskoziak. Erabakitzeko eskubidearen tren horri hirugarren bagoia gehitu diola uste du Gure Esku Dago ekimenak, eta helburu horrekin ikasturte berria hasiko dute irailaren 13an. "Indarberrituta".
"Ekainaren 8koa urte guztian egindako lanaren zati bat izan da, icebergaren punta. Baina horren atzean daude: herriz herri sortutako konfiantza, lortutako aniztasuna eta helburua bera, erabakitzeko eskubidea izatea", adierazi du Zelai Nikolasek, egitasmoko bozeramaileak. Herritarren orain arteko parte hartzea goratu du Nikolasek, eta aurrerantzean ere bidea "elkarrekin" egitera deitu ditu.
Ikasturte hasiera nolakoa izango den zehazteko, taldeka batu dira batzar nazionalera joandako Euskal Herriko ordezkariak. "Hemen erabakitzen dena herri batzordeetara pasatuko da gero, eta han jarraituko dute lanean".
Zelai Nikolasen adierazpena
"Zorionak eman beharrean gaude. Zorionak, lehenik eta behin geure buruari. Bejondeigula! Urtebete lehenago geure buruari botatako erronka ondo baino hobeto betetzeko gai izan garelako. Bejondeigula! Eta zorionak, era berean, ekainaren 8an Durangotik Iruñera elkarri eskutik helduta erabakitzeko eskubidearen alde egin zuten herritar guztiei.
Baina gu geu zoriontzeko moduan gaudela diogu, eta zergatik diogu hori? Hiru arrazoirengatik: pentsatu egin genuelako, sinetsi egin genuelako eta egin egin dugulako.
Pentsatu: pentsatu genuen posible zela. Herri bat osatzen genuela, eta herri bat osatzen genuenok elkarrekin lan egiteak garrantzia zuela pentsatu genuen.
Sinetsi: sinetsi genuen geuregan. Geure esku zegoela sinetsi genuen. Eta ez hori bakarrik, iraganeko korapiloak askatzeko bidean, sinetsi genuen gai ginela elkarrekin lan egiteko. Gure esku dago dinamika bat baino gehiago jarrera bat delako.
Egin: esan eta egin egin dugu. Baina ez dugu egin giza kate bat soilik. Egin dugu ekainaren 8ra arteko bide hori. Egin dugu elkarrekin. Egin dugu konfiantzan. Eta egin dugu pozik.
Eta esaten dugu ez dugula giza kate bat bakarrik egin, nahiz badakigun zenbat izerdi eta buruhauste sortu dizkigun giza kate horrek. Baina jakin badakigu, era berean, giza katea izan dela urte oso batean egindako lanaren punta. Ikusten den icebergaren punta baino ez.
Horra iritsi arteko jardunean dago, ordea, aurrerantzean egingo dugun lanaren oinarria:
Herriz herri sortu dugun ilusioa, sortu ditugun konfiantza eremuak, elkarrekin lan eginda elkarrengandik ikasi dugun guztia, ingurukoei erakutsi dieguna... Lortu dugun aniztasuna: adin, jatorri, pentsaera, bizimolde... era askotako pertsonak batu gara helburu beraren bueltan. Eta horrek eman digu indarra.
Helburu bera: erabakitzeko eskubidea. Herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko daukaten eskubidea izan dugu helburu eta tresna era berean. Badakigulako etorkizuna norberak bere modura irudikatuko dugula. Bakoitzak bere koloreak jarriko dizkio etorkizunari. Baina erabakiak, herritarron esku hartzeak batuko gaitu bateko zein bestekoak. Normalena hori baita: erabakitzea. Eta normalena hori baita: elkarrekin erabakitzea.
Egin dugu bidea, urtebetekoa, eta lortu dugu asko. Baina gai gara, halere, ikusteko lan asko daukagula egiteko oraindik. Etorkizunerako bide hori denon artean egin nahi genuela esan genuen hasiera-hasieratik. Hau ez zela abertzaleen arteko topagune bat. Printzipio demokratikoak batzen gintuela eta, horren bueltan, denak batu nahi genituela. Horregatik, aurrerantzean ere badaukagu zer egina. Gaudenak bagaude, baina gehiago behar dugu izan. 3.000.000 biztanle ditu herri honek, eta horiengana iritsi nahi dugu. Erabakitzeko eskubidea den printzipio demokratikoa delako, 3.000.000 biztanle horiek batzen dituena.
Asko ikasi dugu urte honetan. Orain, ikasitako hori paperera ekarri eta hurrengo ikasturtera begira jartzeko ordua iritsi zaigu. Ekainaren 8an errepideetan sentitu genuen poza, ilusioa eta esperantza lanabes bilakatzea dagokigu. Uda garai ona da hausnarketarako. Batarekin eta bestearekin topatu eta hitz egiteko garai ona da uda. Hori aprobetxatu eta irailean indarberrituta helduko diogu ikasturte berriari. Etorri ere indartsu etorriko zaigu-eta iraila.
Orain urtebete esan genuen Europan tren bat dabilela. Demokraziarena, erabakiarena. Eskozia doa bagoi batean, bigarrenean Katalunia. Hirugarren bagoia gehitu genion tren horri, ekainaren 8an.
Irailean, tren horrek makina guztiak jarriko ditu martxan. Irailaren 11n Diada ospatuko dute kataluniarrek, eta 18an eskoziarrek euren etorkizunaren gainean erabakiko dute. Eta esan genuen tren hori ezin genuela galdu. Beraz, udako etxeko lanak eginda, irailaren 13an abiatuko dugu guk ere ikasturte berria. Gaur bezala, elkarrekin batu eta trenera! Bidaia luzea daukagu aurretik. Eta dena, dena Gure Esku Dago!
Horrela, beraz, orain elkarren alboan jarri eta has gaitezen lanean!
Bejondeigula, lagunok! Bejondeigula!"