Arantza Quiroga EAEko PPren presidenteak joan den astean esandakoak eta atzo iragarritakoak "balioan jarri" nahi izan ditu Asier Arraiz EH Bilduko eledunak Donostian egindako agerraldian. Orain arte PPk "lubaki hitzak" erabili izan dituela, baina "erabaki politiko" bat hartu duela eta "zubi hitzak" erabiltzeari ekin diola eta hori "benetan positiboa" dela nabarmendu du Arraizek.
Horregatik iruditu zaio "oso larria" Espainiako Gobernuak eta Espainiako PPk EAEkoa "ezeztatu" izana. "Gaur euren azalean pairatu dute haien jarrera intolerantea; gu aspalditik pairatzen ari garena".
EAEko PPk "mugimendu txiki" batekin tamainako "lurrikara" eragiteak, ordea, eman dio zer pentsatua EH Bilduri. "Horrek erakusten digu nondik joan. Horrek erakusten digu Espainiak ez duela bakerik nahi; guk bai. Gure bakea eraiki behar dugula; euskal herritarron artekoa. Eta ikusten dugu egindako urratsak uzten duela sugeldo bat, berriro bakearen sua pizteko".
EH Bilduren eskuak "zabalik" jarraitzen duela nabarmendu du Arraizek, "alderdi guztien artean, EAEko PP barne, bakea eraikitzeko". Zerk ezberdintzen dituen ondo dakitela dio Arraizek, baina bakeak merezi duela ezberdintasun horiek gainditzea.
Jarrera "zintzoa" ikusi du EH Bilduk EAEko PPk egindako proposamenean. "Horren zintzoa, non atzera egin arazi diete". Eta "zintzotasunez" onartu du egun hauetan gertatu denaren atzean ez dela egon "sukaldeko lanik", ez eta Quirogaren eta Arraizen arteko bilerarik edo mezu elkartrukerik. "Ikusi duzuena gertatu dena da".
EAEko PP guzti honetatik "ukituta" irtengo dela esan du Arraizek, "etxean bertan esan eta egin arazi diotenengatik". Eta aurrera begira jarrita, EH Bilduk garrantzia "aulki guztiak inguruan izango dituen mahaiari" ematen diola nabarmendu du. "Ez dugu buruan testu zehatz bat. Honek balio duela lehengoa berriro martxan jartzeko? Ederki. Egin behar dela beste bat? Ederki. Aulki guztiak beteta egotea da garrantzitsua".
Onartu du Arraizek gertatu den guztiak "itxaropena" sortu duela. "Eta gu hemen itxaropenari ateak eta leihoak irekitzeko gaude; bestela hobe etxera joatea". Arraizek dio gainontzeko alderdiei beti eskatu izan diela "arriskatzeko" eta hori dela PPk egin duena. "Hori positiboa da. Pena izan da hegalak moztu dizkietela".
Quirogak proposatutako testua berriro "su hori pizteko" abiapuntua izan daitekeela onartu du Arraizek, baina testuez harago "jarrera" dela "balio politikoa" duena.
EAEko PPk egindako proposamenak kanpora uzten zuen lantaldetik euskal presoen gaia. Arraizek garbi esan du haiek prest zeudela hori onartuta taldean sartu eta mahaian esertzeko. Haientzat "lehentasuna" dela presoen gaia, baina "aparte" uzteko prest zeudela. "Guk jendea gu tratatzen ez gaituzten moduan tratzen dugulako".
"Hurrengo kapitulura arte" agurtu da EH Bilduko eleduna.