Aurten Herri Urrats Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikastolen aldeko festako helburuak ez direla bete aitortu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Hala ere, ez dago etsipenaren arrastorik. Egun batean lortu ez dena, urte osoan lortu beharko dela dio. Erakunde publikoek egindako iragarpenak eskertu ditu, baina horiek nola gauzatzen diren ikusteko zain dago Seaska.
Denbora gutxi iragan arren, nola baloratzen duzue 27. Herri Urratsa?
Lehenik eta behin, eskertu nahi ditut Seaskaren deiari erantzun dioten jende eta erakunde guztiei. Goizeko euriak kalte egin zigun; jende anitz beldurtu zuen, arratsalde partean jende gehiago ibili bazen ere. Hala ere, ohi baino goizago joan ziren batzuk etxera. Garbi dago ez ditugula lortu finkatu helburuak. Jende uholdea espero genuen, eta ez zen hori gertatu. Gogoetatu beharko da horren inguruan, beti toki berean egiteak zer dakarren edo zein aldaketa egin behar den.
Aurtengo Herri Urratsaren bidez bi ikastola ireki nahi zituen Seaskak, Lekornen eta Itsasun. Arriskuan dago xedea?
Bi xede horiek beteko dira. Bi herriko etxeek laguntza handia eman digute, eta, horri esker, aitzina segituko du. Bertze hainbat proiektu kolokan daude; gaur egun ez dakigu nola eginen dugun aitzina. Lehenik eta behin, Ipar Euskal Herriko erakundeen engaiamendua eskatzen dugu.
Nola baloratzen dituzue atzoko iragarpenak?
Seaskaren laugarren kolegioa egitea edo lizeo berri baten eraikuntza aipatu ziren igandean. Ez dira gai berriak, aztertzen eta lantzen ari garenak baizik. Oraingoz, dugun lizeoa zaharberritzea aipatu dugu guk. Hori da dakiguna. Akitaniak iragarri zuen laguntza handiagoa emango zigula, eta poztekoa da, baina hitzak dira oraindik. Ez dakigu zenbatekoak izango diren laguntza horiek; ez dugu zenbakirik. Urrats bat da, eta pozten gaitu, baina mamitu eta zehaztu beharko dira hitz horiek. Hemengo erakundeei dagokie hemengo beharrei erantzutea. Eusko Jaurlaritzaren laguntzei dagokienez, gogorarazi behar dugu erakunde batekin genuela akordioa, ez alderdi batekin. Gobernuan aldaketak ez luke aldaketarik eragin behar hitzarmenetan. Krisialdi ekonomikoak eraginda laguntzak murriztuko direla erran digute. Baina alor horretan ere, ez dakigu zein diren kopuru zehatzak. Orain artean 1,1 milioi euro eskuratzen genituen. Kezkaturik gaude, baina laguntza emanen digula hitzeman digu Eusko Jaurlaritzak. Hitza noiz beteko zain gaude, eta egingo dutelakoan gaude.
Nola baloratzen duzue Hautetsien Biltzarrak egindako iragarpena?
Biziki garrantzitsua da ikastolen garapena bermatzeko. Christine Bessonart Hautetsien Biltzarreko presidenteak iragarri zuen herriei eskatuko ziela ikastolentzako diru laguntzak onartzea. Falloux legeak debekatzen du diru publikoa baliatzea hezkuntza pribatua bultzatzeko. Argi erran zuen nahasketa horri bukaera eman behar zaiola. Ikastola ez da eskola pribatu bat, murgiltze eredua eta euskararen iraupena bermatzen duen eredua baizik. Funtsezkoa da Herriak parte hartu ahal izatea ikastolen funtzionamendurako gastuetan. Laguntzarik eman nahi ez duena libre izanen da ez emateko, baina nahi duenak ez du trabarik behar.
Erran duzu Herri Urratsen eredua aztertu behar dela. Zer adierazi nahi duzu?
Ezinezkoa da Seaskaren moduko erakunde bat egun bateko eguraldiaren menpe egotea. Lau euri tantek ezin dute baldintzatu euskararen oraina eta geroa. Hausnartu beharko dugu, eta erantzun eraginkor bat atzeman. Ekainean aipatuko dugu gai hori Ikastolen Kontseiluaren bilkuran. Falloux legearen kontrako kanpaina bat jarriko dugu abian. Urte osoko kanpaina izanen da. Herritarren ekimenak ere hor daude. Atzo berean, gipuzkoar bat hurbildu zitzaidan erranez herriko jaietan txosna jarriko dutela Seaskaren alde. Hego Euskal Herriko eragileek presioa egingo diote Jaurlaritzari, oraingo laguntzen heina atxik dezan. Eusko Jaurlaritzak sentitu behar du gizartearen presioa, eta haien eskaerei erantzuteko beharra.
HUR GOROSTIAGA (Seaska-ko zuzendaria)
"Gure geroa ezin da eguraldiaren menpe egon"
Herri Urratseko helburuak aurten ez direla bete aitortu du Seaskako zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu