Lapurdiko euskarazko irratiak 07:50 aldera ekin dio berriro emititzeari, abenduaren 5ean sute batek egoitza kiskali zuenetik isilik egon ondoren. Erakundeek, gizarte eragileek, eta, batik bat, herritarrek adierazitako elkartasuna eta emandako dirulaguntzak eskertuz abiatu dute emisioa.
Gure Irratia, Lapurdiko euskarazko irratia, airean da berriro. Iragan abenduaren 5ean irrati horren egoitza suntsitu zuen sute batek, Uztaritzen. Ordutik, isilik egon da Gure Irratiaren ahotsa.
Hala ere, irratiko langileak eta laguntzaileak atsedenik gabe ibili dira ordutik berriro ere abian jartzeko. Sutea gertatu eta hurrengo egunean, Uztaritzeko Herriko Etxeak beste egoitza bat utzi zuen, lehengoaren ondoan, eta hura atontzea eta emititzeko eta irrati lanak egiteko behar bezala prestatzea izan dute erronka. Dudarik gabe, erronka horretan ezinbesteko babes izan dute hainbat erakundek, gizarte eragilek eta herritarrek emandako laguntza. Esaterako, Durangoko Azokan jarri zuten kutxan 16.000 euro inguru bildu zituzten euskaltzaleek emanik.
Hain justu, laguntza hori guztia eskertuz hasi dute Gure Irratiko kideek sutearen ondorengo aro berria.
Komunikabideak
Gure Irratia airean da berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu