Hilaren 17ko manifestazioa antolatzen ari den taldeetako bat da Bilgune Feminista. Bertako kide Izaskun Guarrotxenak «aliantzak» eraiki beharra nabarmendu du mugimendu feminista eragile sendo bihurtzeko.
Euskal Herriko mugimendu feministak ez du aspaldian horrelako mobilizaziorik antolatu. Zergatik orain?
Azken urteetako egoera jakin batzuek bultzatu gaituzte. Kezka eragin digu, adibidez, aurtengo jaietan eraso asko egoteak, eta emakume bat eraila izateak Bilbon. Horren guztiaren harira, zerbait egin beharra ikusi dugu. Leloak esaten duen bezala, indarkeria sexistak dituen milaka aurpegiri buruz hitz egiten ari gara.
Duela bi aste izan zen azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguna. Zein alde dago orduko eta oraingo mezuen artean?
Aldarrikapena azaroaren 25etik atera nahi genuen, erakundeek helarazten dituzten mezuetatik, eta gure mezu propioa eman, mezu feminista. Horretarako aliantzak eraikitzen ari gara: denok batera erantzun nahi diogu indarkeriari. Bestetik, erakundeei eskaera zuzena egin nahi diegu, orain aldaketa asko egon direlako, eta egongo direlako.
Aldaketez ari zarela, zer espero duzue aurrekontuetan, krisi egoeran gaudela kontuan hartuta?
Espero dugunaz baino gehiago, etorri denaz hitz egin beharko genuke. Murrizketa asko egon dira; politika sozialetan egin dituzte, eta horrek indarkeriari aurre egiteko neurrietan eragin du. Bestalde, estatuan aldaketa egongo da; zer gertatuko da kolokan dauden legeekin? Adi egon behar dugu, eta gu hemen gaudela ikusarazi.
Ezkutuan gelditzen diren indarkeria molde horiek agerian uzteko lan handiagoa egingo du mugimendu feministak?
Badaramatzagu urte batzuk lan horretan. Azaroaren 25eko asmoetako bat izan zen milaka aurpegi horiek erakustea. Komunikabideetatik eta erakundeetatik jasotzen dugu bikote barruko tratu txarren aurkako neurriak jartzen ari direla, baina ez gainerako indarkerien aurka: tortura sexista, sexu erasoak... Legeak indarkeria sexistatzat hartzen ez dituen hainbat kasu daude.
Izaskun Guarrotxena. Bilgune Feministako kidea
«Gure mezu propioa eman nahi dugu, mezu feminista»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu