Zabortegiek hogei urteko bizia dute. Epe hori igarota, nola itxi eta lur horrekin zer egin eztabaidatu dute egunotan Bilbon. Aitor Zulueta geologoak beste erabilera bat ematen zaiela dio. «Tokihorretan industria jar daiteke, edo kirol azpiegiturak eraiki». Haren esanetan, gaur egungo zabortegiek segurtasun neurri zorrotzak dituzte, bai erabiltzen diren bitartean bai itxi ondorengo urteetan.
Zabortegiak ezinbestekoak al dira?
Noski. Kontu bat da zaborra kudeatzeko zer eredu aukeratzen dugun, nola erabiltzen ditugun. Baina zabortegiak beti beharko ditugu. Zaborra kudeatzeko hainbat azpiegituraz osatutako sare bat behar dugu, eta zabortegiak sare horretako parte izango dira halabeharrez.
Zaborra kudeatzeko ereduen hierarkian Europako Batasunak zabortegia azken lekuan kokatu du.
Eta aurrenekoak birziklatzea, berreskuratzea eta berrerabiltzea izango dira. Baina zabor guztiarekin ezin daiteke hori egin. Gainera, zabortegiek beste erabilera bat izan dezakete. Den dena, zabortegira eraman, eta han sailka jar daitezke. Handik, birziklatzeko planta batera bidera daiteke, edo berreskuratubeste erabilera bat emanda.
Europako Batasunak berak 2016tik aurrera zabortegiak gutxitzeko ereaholkatu du.
Politikarien artean zabortegien aurkako jarrera dago, herritarrek ez dutelako zabortegirik nahi etxe ondoan. Horrek botoak ematen dizkie. Gure gizartean, Alemaniako eta Danimarkako ereduak jartzen dira. Bi herrialde horietan zabortegiak dituzte, eta guk baino askoz gehiago birziklatzen dute. Herbehereetan zaborraren %99 birziklatzen da, baina han ere zabortegiak dituzte. Guk baino gutxiago, noski. Zaborra behin-behinean biltzeko erabiltzen dute. Arestian aipatu bezala, klasifikatu eta beste irtenbide apropos bat aurkitzen diote. Behin hori esanda, ni ere ados nago: zabortegiak gutxitzea komeni da.
Nola egin daiteke?
Zabortegi gehiago ez ireki eta daudenak itxi: hori da bidea. Etxeko zaborrari dagokionez, adibidez, zabortegiak itxi daitezke. Birziklatu ezin daitekeen zaborrarentzat, errauste plantak daude. Gaur egun sekulako polemika dago kontu horrekin. Jende asko dago kontra, beste batzuk alde.
Zaborra erraustea zabortegi mordo bat zabalik izatea baino hobea da?
Beste aukera bat da, gure inguruan horren aldeko politika jarraitzen ari dira. Baina errauste plantek ere zabortegiak behar dituzte. Hori argi dago. Kontua da, erretzen den zaborraren %22-25 eskoria bihurtzen dela, eta hori materia arriskutsua da.
Zein da gure inguruko zabortegien egoera?
Gaur egun oso ona. Duela hamabost urte, txarra. Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Bateraturako legea dagoenetik, ia zabortegi denak oso onak dira. Ia denek dute lixibiatuak lurrera ez pasatzeko irazgaizte sistema jarrita. Gasak kontrolatzen dira, isurtzerik ez egoteko. Kontrol neurri zorrotzak dituzte. Gure zabortegiak Europakoen mailakoak dira. Jendeari azaldu behar zaio zabortegiak oso seguruak direla.
Nola kontrolatzen dira lixibiatuak?
Irazgaizte sistema dute guztiek. Hainbat material sintetikok osatzen dute, eta euren lana da zaborraren eta lurraren arteko transferentzia saihestea. Gaur egun ez dakigu zenbateko bizia duten. Duela 30 urte hasi ziren erabiltzen, eta laborategietan egindako ikerketek erakutsi dute 100 urte ere iraun dezaketela. Zaborrak bi urtez baino ez ditu isurtzen lixibiatu eta gasak.
Irazgaizte sistema horiek jarri arte zabortegietan kutsatu den lurrarekin zer egin da?
Lur hori hartu eta ondoan sortutako beste zabortegi batean bildu dira. Bizkaian adibiderik onena Argalario da. Teknologiarik onena erabilita, lur kutsatuak hartzeko zabortegia egin zuten.
Zabortegi bat ixtea erabakitzen denean zer gertatzen da?
Itxi ondorengo 30 urteetan zabortegia kudeatzen duen enpresakkontrola egiten jarraitu behar du. Berme bat ordaintzen du aurrez, eta horrekin Jaurlaritzak ziurtatzen du ez dutela zabortegia itxitakoan alde egingo. Alde eginez gero, Jaurlaritzak hartzen du ardura diru horrekin.
«Gure zabortegiak oso seguruak dira; Europakoen mailakoak»
Zabortegiak zertarako erabili, horrek beharko luke izan eztabaida, Aitor Zuluetaren ustetan. Eredu guztietan ezinbestekoak direla dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu