Eguzki talde ekologistaren oharra, Gladys del Estal gogoratuz.
"Gurekin jarraitzen duzu, Gladys.
1979ko ekainaren 3an, Tuteran, Ebro gaineko zubian eserita zeundela, Jose Martinez Salas goardia zibilak buruan tiro bat jo eta hil zintuen, Gladys. Datorren igandean, hura gertatu zela 33 urte. Aurten ez dugu Egia parkeko oroitarriaren inguruan biltzeko deialdirik egingo, ez modu formalean, behintzat. Egutegia hitzordu interesgarriz beteta dago eta, hori kontuan izanda, erabaki dugu, aurtengoz, ez zela komeni beste bat gehitzea, beste hori guretzat bereziki adierazgarria bada ere. Hala ere, badakizu ez zaitugula ahazten. Horregatik, gutun honen bidez, xume-xume eta labur-labur, panoramaren berri eman nahi dizugu, urtero fetxa hauetan egiten dugun bezalaxe.
Fukushimako hondamendia gertatu eta urtebete geroago, ez dago duda posiblerik: Gladys, arrazoi zenuen. Izan ere, Tuterara joan zinen energia nuklearra gizateriarentzako arrisku larria zela aldarrikatzera. Gogoan izan mobilizazio hura Harrisburgeko “istripua” salatzeko nazioartean eginiko deiari erantzuten ziola. Antza denez, Txernobilgoarekin ez zuten nahikoa izan, baina Fukushimakoarekin, berriz, pronuklearrik pronuklearrenak ere hasiak dira atzera egiten. Gure artean nuklearrik ezean azak jan beharko genituzkeela esaten zuten haiek ere, Japoniakoak izututa, poztu egin dira, ahapeka baina, zuk eta beste batuek Euskal Herria nuklearizatzeko proiektuaren kontra sustatu zenuten mugimendu hark arrakasta izan zuelako. Bai, Euskal Herria nuklearizatzeko proektua; izan ere, lau ziren eraki nahi zituzten zentralak, Deban, Ispasterren, Tuteran eta Lemoizen.
Bada, zurekin egin genuen azken hitzordutik urtebete pasatu ondoren, jakin behar duzu Japoniak zentral nuklear guztiak (54) itxi egin dituela. Alemaniak energia nuklearrari uko egitea erabaki du; 2022an itxiko ditu azken zentralak, berrienak. Italiarrek, berriz, orain dela urtebete nuklearren kontra bozkatu zuten modu masiboan erreferendumean. Suitzan behin betiko baztertu dituzte proiektuan zituzten hiru zentralak, eta martxan dituzten bostak, berriz, pixkanaka ixtea erabaki dute. Ikusten duzunez, Gladys, nuklearrak atzeraka doaz, oso modu nabarmenean, gainera.
Eta Garoña? Albiste txarrak. Paraje hauetan beti gaizki eta berandu. PPko Gobernuak 2019ra arte luzatu dio baimena zentral zahar, matxuratu eta izugarri arriskutsu honi. PSOEk kargu hartu dio, baina PSOEk, aukera izan zuenean, itxi ordez, hauteskundeetan agindu bezala, ixteko data legealdia bukatu arte luzatu zuen. PPri luzapena ematea erraz-erraza jarri dio, alegia.
Ikusten duzunez, Gladys, historiak arrazoi eman dizu, baina arrazoia, berez, ez da nahikoa; arrazoia defendatzen jarraitu behar dugu, eta egiteko horretan, ez izan dudarik, gurekin jarraitzen duzu".