Herritarrek autoa baliatzen dute lau bidaietatik hiru egiteko(%76,5). Mugimenduen %1 motorrez egiten dira, gazteak direlarik horien erabiltzaile nagusiak. Bertze gisa batera aztertuta, herritarren joan-jinetan herri garraioaren heina %4ra mugatzen da. Oinez egiten dira joan-jinen %15, eta bizikletaz egiten dira %2. CO2 isurketak mugatzeko borondate irmoa adierazi du herri elkargoak, eta, beraz, emaitzak kezkagarriak dira. Baina ez berriak.
Etxegintzak garapen handia ukan du azken hamarkadetan. Gero eta gehiago dira hirigunetik at bizitzera doazenak, bereziki adingabeko haurrak dituzten bikoteak eta gazteak. Alta, herri garraioaren eskaintza ez da egokia, edo hori deritzote herritarrek. Ordutegiak edo herri garraioen jarioa da zailtasunik handiena herri garraioa dagoen kasuetan. Herri garraioak egunero 25.000 bidaia egiten ditu, eta horien erdia baino gehiago, eskolara doazen haurrak dira (%51).
Batez bertze herritar bakoitzak egunean 3,51 bidaia egiten ditu. Autoetan egiten diren bidaien %17 etxetik lanera joateko egiten dira, %16 etxetik saltegietara joateko eta %21 administrazioko betebeharrei buru egiteko. Egunero 61.700 bidaia egiten dira Nafarroa Beherean, eta 137.000 Lapurdi hegoaldeko Herri Elkargoan. Baiona-Angelu-Miarritze hirigunean 335.860 bidaia egiten dira.
Aldaketa gutxi
Frantziako erroldak egiten dituen Insee etxeak 1.999an egindako inkestarekin erkatuz, aldaketa gutxi dagoela erakutsi du inkestak. Kantitatean, autoz egindako bidaien kopurua %7 emendatu da, herri garraioen kopurua %19 emendatu delarik. Baina ehunekoak zenbakietan irakurriz, argi erakusten dute baten eta bertzearen garrantzia. 2009an egindako bidaiei begira, herri garraioan egindakoak 36.476 dira, eta autoan egindakoak, 640.686. Duela hamar urte egindako inkestan baino 50.000 gehiago.
«Etxe bakoitzean dagoen ibilgailu kopurua 1,39tik 1,36ra apaldu bada ere, handitu egin da pertsona bakoitzak duen ibilgailu kopurua, familietan jende gutxiago bizi delako», azaldu du Insee etxeak.
Inkestak inkesta, errealitateak erakusten du 18 urtez gorako pertsona bakoitzeko auto bana dagoela etxe gehienetan. Egunerokoan errealitate hori auto lerro bukaezina bihurtzen da hiri nagusietako sarrera-irteeretan. Herri garraioa sustatzeko hainbat ekimen ezarri dituzte plantan, hala nola Cronobus izeneko xedea Baiona eta Angelu artean. Autoak ezin dira ibili autobusaren ibilbidetik, baina 4,5 kilometroko luzera du, ibilbide bakarrean, eta horrek ez du asetzen herritarren beharra herri elkargoaren barruan.