Espainiako Barne Ministerioak ETAko buruzagitzat jo zuen Oroitz Gurrutxaga, baina hori egiaztatzeko zantzurik ez daukala esan du Frantziako Fiskaltzak. Beraz, ez dio erakunde armatuko buruzagitzako kide izatea egotzi, eta Xabier Aranbururi bezala, ETAko kide izatea leporatu dio. Hala, biak kartzelatzeko eskatu dio epaileari.
Fiskaltzako iturriek Efe berri agentziari esan diotenez, «ezerk ez du baieztatzen» Gurrutxaga ETAko komandoen burua dela. Ikerketako iturriek ez dute hori esateko daturik topatu. Nolanahi ere, ikerketa abiatuko du fiskaltzak, eta 14 kargurengatik Gurrutxaga eta Aranburu kartzelan sartzeko eskatu du. «Erakunde terroristako kide» izateaz gain, armak eta lehergailuak edukitzea eta dokumentu faltsuak edukitzea leporatu die, besteak beste.
Gurrutxaga eta Aranburu igandean atxilotu zituen Frantziako Poliziak Landetan, Mont de Marsandik gertu, Caunan herrian. Berri agentziek zabaldu zutenez, armatuta zeuden eta lapurtutako auto batean zihoazen, matrikula faltsuekin. Baionako polizia etxean eduki zituzten bi egunez, eta gero Parisera eraman zituzten. Han eduki zituzten, harik eta atzo Justizia Auzitegira eraman zituzten arte.
Jorge Ferndandez Diaz Espainiako Barne ministroak atxiloketak baliatu zituen esateko ETA kide bila ari dela. Rodolfo Ares Herrizaingo Sailburuak ezeztatu egin zuen ETA hala ari dela.
Gurrutxaga ETAko buru dela ezin dela esan onartu du fiskaltzak
ETAko kide izatea egotzita, espetxera bidali dituzte Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu