Gurtza aretoak, eztabaidagaietako bat

Eusko Jaurlaritza eliza, meskita eta otoi egiteko bestelako aretoak arautzeko testua lantzen ari den arren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 30.000 musulmanek egiten dituzten eskaerak harago doaz: ehorzketetarako tokiak, hezkuntza, osasuna eta beste aldarrikatu dituzte.

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Erlijio askatasunaren gaia pil-pilean dago azken hilabeteetan. Zaramagan (Gasteiz) eta Basurtun (Bilbo) gurtza aretoak egiteko proiektuak eztabaidagai bihurtu dituzte bizilagunek eta zenbait politikarik, eta horren harira heldu da Eusko Jaurlaritzaren erlijio askatasuna bermatzeko lege proiektuaren prestaketa. Ordea, lege horrek bere gain hartu ezin dituen hainbat gai daudela gogorarazi du Herriko Islamiar Komunitateen Elkarteak (EHIKE): hezkuntza, osasuna...

Eusko Jaurlaritzaren lege egitasmoak gurtza aretoak arautu baino ezin izango du egin, hori baita transferituta daukaten eskumen bakarra. Dena den, erlijio bakoitzaren beharrak beste zenbait eremutara hedatzen dira, batez ere azken urteetan gizartean gertatzen ari diren aldaketei aurre hartu ahal izateko.

Gaur egun, 30.000 musulman baino gehiago daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, EHIKEren datuen arabera, eta kopurua gora doa. Horien artean geroz eta gehiago dira Euskal Herrian bertan jaiotako musulmanak eta erlijio hori bere egiten duten euskal herritarrak. «Komunitate musulmana hain da plurala, ezen etengabeko elkarrizketa eskatzen duen instituzioekin», gogorarazi du Ahmed el-Hanafy EHIKEko presidenteak.

Euskal Herrian jaiotako musulmanek azken urteetan eginiko aldarrikapen nagusietako bat jarri du mahai gainean, beste behin. Musulman etorkinak hiltzean haien jaioterrira itzultzen dituzte, eta han lurperatu, haien sinesmenen arabera. Ordea, Euskal Herrian jaio eta hiltzen diren musulmanen gorpuak nahi duten moduan ehorztea ia ezinezkoa da.

Ia ez dago hilerri musulmanik, eta zenbait kasutan udal gobernuek ez dituzte hilkutxarik gabeko ehorzketak onartzen, erritu musulmanak agintzen duen bezala. Araudiaren zentzu horretan aurreko Jaurlaritzarekin aurrerapausoak eman zirela gogorarazi du Ahmed el-Hanafyk, baina PSE-EErekin egindako lan hori gelditu egin dela azaldu du.

«Ez da eskubiderik falta, eskubide horiek erabiltzeko sistema falta da», gogorarazi du Jose Manuel Lopezek, Fundacion Pluralismo y Convivenciako presidenteak. «Hilerri musulmanak adostuta daude, eta horiek egitea da falta den bakarra», nabarmendu du. Erlijioaren kasua bertsua dela gogorarazi du, egungo legediarekin eskola publikoetan erlijio eskolak eman daitezkeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.