Lelo bat badute Jabetzaren Erregistroan: Prior in tempore, potior in iure (denboran lehena, zuzenbidean hobea). Lehenbiziko iristeak badu garrantzia, eta Elizak abantaila du horretan: inoren izenean ez zeuden ondasunak immatrikulatu ditu. «Kontu honetan pisu handia dute egitateek. Udalek eta Elizak dute eskumena immatrikulazioak egiteko, eta lehenbizi iristen denak lehentasuna du». Isabel Urzainki abokatua zuzenean erreparatzen ari zaie Nafarroako udalak egiten ari diren urratsei. Eskutik jokatzen ari da Eliza, herrietan berririk izan gabe jo baitu erregistrora ondasunak bere izenean jartzera. «Udalen batek uste badu ondasun horiek badagozkiola, zailtasunak ditu orain». Bistan da: 1.087 ondasun dauzka immatrikulatuta Elizak Nafarroan, eta kasurik apenas dagoen auzitegietan. Azkena Uharteko Udalak jo du, herriko elizaren jabetzagatik.
Eraikin erlijiosoen jabetzaren harira beste bi auzi izan dira epaitegietan, baina biek ere alderantzizko bidea egin dute: udalek aurre hartu zioten Elizari, eta immatrikulatu egin zituzten eraikinak. Garisoaingo Udala izan zen lehena: Pilareko Andre Mariaren ermita bere izenean jarri zuen erregistroan. Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak salaketa jarri zuen herriko etxearen aurka, baina epaileak ez zuen onartu; hutsaltzat jo zituen Elizaren argudioak —ermita «ezin oroituzko garaietatik» berea dela arrazoitu zuen—. Helegitea jarria du artzapezpikutzak. Bigarren kasua ere gisa berekoa zen: Irañetako Udalak bere izenean jarri zuen San Gregorio baseliza, eta auzitara jo zuen Elizak. Kasu horretan, ordea, artzapezpikutzari eman dio arrazoi epaileak: adierazi du Eliza dela ermita horren jabea eta udalak jarritako baliabideak diru laguntza gisara ulertu behar direla. Epaiari helegitea jarri dio udalak.
Irañetako kasua adierazgarria dela uste du Urzainkik, Elizak norainoko boterea duen erakusten duelakoan. «Udalak obrak pagatu arren eta auzolanean aritu arren, urtean bi meza egiteagatik Elizaren jabetza egiaztatuta dagoela esan dute epaileek. Pentsa, udalak argiaren faktura eta guzti zeukan». Nabarmendu du artzapezpikutzaren aurka egiteko oso dokumentu sendoak behar dituztela herriko etxeek. «Dokumentuak lortzea zaila da, eta auzi eskea jartzean pisua hartzen du udalak bere gain: frogatu egin behar du berea dela jabetza. Beste aldeak, Elizak, errazago dauka».
Konstituzionalaren esperoan
Elizak beretzat hartutako ondasunak berreskuratu nahi dituzte udalek salaketa horiekin, baina ate bat zabal dezakete. Urzainkik adierazi du Hipoteka Legeak Elizari ematen dizkion pribilegioak auzitan jartzea dela helburua; alegia, kontua Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iristea. «Hori ez dago gure eskuetan. Kasuren bat iritsi zaion epaileren batek jo dezake Konstituzionalera, zalantza baldin badauka Hipoteka Legeak Elizari ematen dizkion pribilegioak Espainiako Konstituzioarekin bat ote datozen edo ez. Hori argitzeko eska diezaioke Konstituzionalari».
Aukera hori zabalik dago, baina bide politikotik jotzea nahiago du abokatuak. «Askoz azkarragoa litzateke Espainiako Parlamentuak esatea artikulu horrek ez daukala tokirik gaur egun. Kontuan izan behar da aurreko mendearen hasieran duela oinarria».
Elizaren ondasunak (II). Lege ikuspegia
Gurutze bidea auzitegietan
Elizbarrutiak bere izenean jarritako ondasunak herriari itzultzeko, bide zaila hasi behar dute udalek. Hiru kasu iritsi dira auzitegira, eta bakarra irabazi du herriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu