Abortuaren legearen aurkako protesta desegin egin du Ertzaintzak Gurutzetako Ospitalean. 17:00ak aldera sartu dira dozenaka lagun erietxera, kanpoan elkarretaratze bat egin eta gero. Ospitaleko zuzendaritzak joateko agindu die, baina haiek uko egin diote. Ertzaintzari hots egin diote erietxeko arduradunek, eta hark desegin du protesta. Pertsona bat atxilotu egin dute, gainera; erresistentzia egitea eta ertzainei erasotzea leporatu diote.
Protesta gehiago antolatuak zituzten erietxe atarietan. Iruñean, lortu dute Ospitaleen Gunean protesta egitea, ama-umeen unitatean. Abortuaren legearen aurkako kartelak eskuan dituztela egon dira, eta elkarretaratze bat ere egin dute atarian.
Gasteizen Ertzaintzak eragotzi die barrura sartzea. Santiagoko Ospitalera joatekoak ziren protestan, baina atarian bidea itxi diete poliziek.
Donostian Bulebarretik abiatu dira kalejiran. Donostia Ospitalera 20:00ak ondoren iritsi dira, eta ordurako atarian zain zuten Ertzaintza. Ez diete erietxe barrura sartzen utzi, eta atarian elkarretaratze bat egin dute.
Joan den ostiralean Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak aurkeztutako legea onartuz gero, libreki abortatzeko hamalau asteko epea desagertu egingo da Hego Euskal Herrian. Emakumeek bi baldintzatan baino ezingo dute haurdunaldia eten: bortxaketaren biktima baldin badira, edo euren osasun fisiko edo psikologikoa arrisku larrian badago —abortua egingo dien klinikan lan egiten ez duten bi medikuk sinatutako txostena beharko dute—.
Feministek salatu dute aurreproiektuak “atzerapauso itzela” ekarriko duela emakumeen eskubide “funtsezkoenetan”, eta euren erabakitzeko eskubidearen aurkako “eraso larria” dela. Testuaren oinarrian “emakumeei buruzko ikuspegi atzerakoia” dagoela erantsi dute: “Besteen zaintzapean egon behar duten bigarren mailako herritar gisa hartzen gaitu”.