Gaixoak korridoreetan pilatuta, oheren bat noiz libratuko. Hori zen atzoko irudia Gurutzetan (Barakaldo, Bizkaia), ospitaleko larrialdi zerbitzuan. ESK sindikatuak jakinarazi duenez, zuzendaritzak erabaki du 200 ohe baino gehiago ixtea Eguberrietan, eta ospitalera jo duen jende kopuru handiari aurre egin ezinik dabiltza langileak. ESK-ko ordezkari Jose Ignacio Martinezek egin du salaketa: «Bagenekien zer gertatuko zen: ohe mordoa kentzea erabaki du zuzendaritzak, eta hotza egiten hasi da. Bistan zegoen egoera horretara iritsiko ginela».
Eguerdian, bost gaixo korridorean ari ziren artatzen, eta beste 35 zain zeuden ospitaleratzeko. Gainezka daude gelak, eta zuzendaritzak erabaki du gaixoei senda-agiriak lehenago eman eta beste erietxe batzuetara bidaltzea jendea. «Beste neurri batzuk behar dira», erantzun du Martinezek. Azaldu du zuzendaritzarenean pasatu zutela atzo goiza, eta zerbait aldatzea lortu zutela: «Goizean tematuta zeuden, ohe gehiago ez zituztela jarriko; egoera okertuz joan zen, eta jarri zituzten batzuk. Baina neurri horiek ez dira eraginkorrak. Arduragabekeria hutsa da hainbeste ohe kentzea».
Murrizketek eta handik eta hemendik aurreztu nahiak eragin dute egoera hori, ESK-ko ordezkariaren hitzetan: «Oheak itxita, saiatu dira langileen beharra txikitzen; gaixo edo baimenarekin daudenen ordezkorik ez dute jartzen, eta begira nola gauden». Salatu du egoera bidegabea dela gaixoentzat eta langileentzat: «Intimitatea galtzen dute eriek, eta langileen artean estresa areagotu egiten da, ezin dutelako normal lan egin korridoreetan».
Nafarroan, protestan
Osasun alorrean egiten ari diren murrizketen kontra protestan segitzen dute Nafarroan. Tuterako erietxeko laborategia kenduko dutela eta, protestan dabiltza beharginak; kartelak jarri dituzte ospitalean, egoeraren berri emateko. Osasunbideko erietxeetako sukaldeetan ordubeteko lanuztea egingo dute, eguerdian. CCOOk, ELAk eta LABek deitu dute pribatizazioen aurkako protestara.
Gurutzetan eriak korridoreetan dituztela salatu dute, eta oheak jartzeko eskatu
ESK-k jakinarazi du Gabonetan 200 ohe baino gehiago kendu dituztela eta gaixoak ezin dituztela artatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu