Uholde handiak harrapatu zuen duela egun batzuk Senpere (Lapurdi) ingurua, eta etxe, errepide eta, oro har, azpiegituretan kalte handiak eragin zituen. Hala ere, hondamendiari aurre egin eta atzo Ipar Euskal Herriko ikastolen jaia, Herri Urrats, aterbetzeko moduan izan ziren. Herrian bertan eta Herri Urrats egiten den aintzira inguruan ere nabarmenak ziren oraindik uholdeen arrastoak, baina antolatzaileek eta herritarrek egindako lanari esker dena moldatu zuten arazorik gabe dozenaka milaka euskaltzale jasotzeko. Gainera, atzo eguraldi ederra egin zuen, eta giro bikainean igaro zen eguna.
Milaka herritarrek ez ezik, agintariek ere parte hartu zuten Herri Urratsen; hala, Senpereko herriko etxekoez gain, Pirinio Atlantikoetako departamenduko ordezkariak eta Jaurlaritzakoak izan ziren ekitaldi nagusian. Jean Jacques Lasserre departamenduko presidenteak, Mas Brisson EEP Euskararen Erakunde Publikoko burua eta Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburu eta bozeramailea han izan ziren. Lankidetzarako proposamena egin zion Brisson Seaska Iparraldeko ikastolen elkarteari, baina eszeptizismo handiarekin hartu zuten ikastolen elkarteko buruek.
Hain justu, Isabel Xarritton Seaskako presidenteak uholdeekin izan duten arazoarekin alderaketa eginez azpimarratu zuen ikastolak ohituta daudela egoera gaitzetan aurrera egiten, eta euskara ofiziala ez izatea dela duten problema handienetako bat.
Gustura daude antolatzaileak Herri Urratsek izan duen erantzunarekin
Uholdeek utzitako kalteak ez ziren oztopo izan Senpereko aintziraren inguruan milaka euskaltzale biltzeko. Eragozpenen gainetik ekimenak aurrera ateratzen ohituta daudela nabarmendu zuen Isabel Xarritton Seaskako presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu