GUTUNA. Moses Kargbo gizon zintzoa, ikasle eta maisu

2012ko uztailaren 2a
11:46
Entzun

Ez zaituztet ezagutzen, baina nire gogoa zuengana doa erremediorik gabe.

Duela ia hiru urte elkar ezagutu genuen zuen aitak eta biok, bera ikasle eta ni, berriz, irakasle. Hasieratik harremana erraza eta begirunekoa izan genuen. Nire kuriositatea piztu zuen, eta horregatik badakit urte sorta luzean ez duzuela elkarrekin egoteko betarik izan. Ez naiz oso memoria onekoa, baina, oker ez banago, azkeneko aldia duela sei bat urte izan zela aipatu zidan, Ginean, bere gaztelania apurra baliatuz.

Izan ere, hamabi urte badira Mosesek Sierra Leonatik, gerra zibil krudeletik, ihes egitea lortu zuela. Gero, Ginea, Mali, Niger, Aljeria eta Espainiatik zeharkaldi luze eta arriskutsua egin behar izan zuen Tenerife kanariar irlara iritsi aurretik. Han igeltserotzan lan eginda, zuei dirua bidali ahal izan zizuen hamar urte luzez. Krisialdi ekonomikoak bultzatuta, patuak gurera ekarri zuen 2009. urtean. Gure artean gauzak ez zituen batere errazak izan. Zubi baten azpian lo egin behar izan zuen hasieran, langabezi saria ez baitzuen xahutuko bere kontuetan, zuek beharra edukita.

Bere lehen helburua lana topatzea zen, baina ez zuen zorte onik eduki, izan ere gure gizarte honetan berrogeita hamar urterekin inork gutxik nahi zaitu lanerako. Kemen handiko gizona izanik, formatzen hasi zen gure ikastetxean; ikasle fina, adoretsua eta langile amorratua zela ikastetxeko edozein irakaslek ziurtatuko dizue. Zuek hona ekarri nahi zintuzten, baina aurretik lana topatu behar zuen derrigor. Azken hilabetetan Gipuzkoako industrialdeak ibili zituen alderik alde bere curriculuma atez ate utziz.

Gizon zintzoa, alaia, begirada garbikoa eta bihotz onekoa zela guk badakigu, 2010eko martxoko arratsalde hartan gure auzoko ikastolako irakasle eta ikasleei bizitzari buruzko lezio bat eman baitzien, Sierra Leonatik gurera etortzeko afera azaltzen, zein hango dantzak dantzatzen irribarre zabal bat ezpainetan zuela.

Bere bihotz handiak ekarri dio zorigaitz krudela, eta horrek haserrea eta min sakon bat sortzen dit, gehiago lagundu ez izanaren pena ere bai. Zuen aitak ez zuen inola ere horrelako amaiera bat merezi; bai ordea lan duin bat eta bere seme-alabekin bizi ahal izatea. Ozen eta erabat konbentziturik adierazten dizuet bere ibilbideak ikasgai ahaztezina erakutsi didala. Ikaslea maisu izan zen hasieratik. Jaso itzazue lerro hauek bere pertsonaren omenaldi xume gisa.

Dani Ruiz-Zeberio (soldatzaile irakaslea)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.