murrizketak osakidetzan

"Gutxiagorekin gehiago" eginarazi nahi dietela salatu dute sindikatuek

Manifestaziora deitu dituzte Osakidetzako langileak ostegunerako, 18:00etan, Bilbon.

Manifestaziora deitu duten sindikatuetako ordezkariak. ARGAZKI PRESS
2014ko ekainaren 23a
15:08
Entzun

Osakidetzako murrizketen aurka "erantzun gogorra" iragarria zuten sindikatuek, eta mobilizazioekin hasteko prest daude. Ostegunean kalera ateratzeko deia egin dute; 18:00etan hasiko da martxa, Bilboko Jesusen Bihotza plazatik. Deitzaileek —SATSE, ELA, LAB, SME, FFHE, CCOO, UGT eta ESK-k— Osakidetzako langileen %93 ordezkatzen dituzte.

Hiru helburu dituzte mobilizazioetarako. Alde batetik, enplegua sortzeko eta egonkortzeko proposamen bat nahi dute Osakidetzako zuzendaritzaren partetik. Bestetik, gaixoaldiak ordezkatzeari eta lanaldi murriztuen gaiari ere heltzeko eskatu dute. Azkenik, 2011ko garapen profesionaleko deialdia "berehala" gauzatu behar dela uste dute. 

Ekainaren 4an beste agerraldi bat egin zuten sindikatuek eskaera horiek egiteko, eta orain arte zuzendaritzaren aldetik izandako "isiltasuna" salatu dute gaur. Hori horrela, aldarrikapen nagusiak mahai sektorialean eztabaidatzeko eskatu dute berriro, eta urri amaierarako erantzunik ez badute mobilizazio gehiago izango direla ohartarazi dute. 

"Lantaldea %10 baino gehiago gutxitu da, ordu gehiago lan egiten dute eta soldata %20 murriztu da", azaldu du Agustin Gutierrezek. Haren arabera, egoera "haserrea" sortzen ari da langileen artean, eta zuzendaritzak, berriz, "gehiago gutxiagorekin" egiteko eskatzen die. "Gehiago gutxiagorekin ezin dugu egin, ahalegin handiarekin lan bera egin dezakegu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.