GIZARTEA

Gutxien dutenek gutxiago ordainduko dute Gipuzkoan gizarte zerbitzuengatik

Ordainketa partekatuari buruzko dekretu berria onartu du diputazioak, diru sarrera baxuenak dituztenen mesederako. Neurriak 7.500 lagunengan izango du eragina: tartean daude adinekoak, ezgaituak eta buruko eritasunak dituztenak.

Matia Fundazioaren adineko zentro bat, Donostiako Antiguan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2015eko maiatzaren 15a
11:06
Entzun

Gizarte zerbitzuetarako ordainketa partekatua "merkatzeko" dekretu berria onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta aldaketak egingo dizkio orain arteko ereduari. Errentaren arabera ezarriko du aurrerantzean adinekoen, ezgaituen eta buruko gaixotasunak dituztenen zentroetara sarbidea edukitzeko pagatu beharrekoa. Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek azaldu duenez, orokorrean jaitsi egingo da erabiltzaileek ordaintzen dutena. "Gutxien dutenek gutxiago pagatu beharko dute; gehien dutenek, berriz, gehiago". Adineko eta buruko erien zentroetan, erabiltzaileen diru sarrerak eta ondasunak aintzat hartuko ditu diputazioak. Ezgaituen kasuan, ordea, errentari baino ez dio erreparatuko.

Zerbitzu batzuetako "tarifa planak" alde batera utzi, eta ordainketa partekatu "progresiboa, bidezkoa eta homogeneoa" ezarriko du. Zerbitzu horiei eusteko, aldundiak handitu egin du diru ekarpena. Aurten, 230.000 euro gehiago ipiniko ditu, eta heldu den urtean, 1,2 milioi euro baino gehiago. Neurriak 7.500 lagunen izango du eragina. Rodriguezek uste du ezgaitasuna duten erabiltzaileen %60 mesedetuko direla neurri horretaz.

Dekretua hiru fasetan sartuko da indarrean: abuztuaren 1ean, adineko zerbitzuetan; urriaren 1ean, buruko gaixoentzako baliabideetan; eta 2016ko urtarrilaren 1ean, ezgaituentzako zentroetan. Plangintzako eta Inbertsioetako zuzendari Maria del Riok xehatu ditu helburuak: "Zerbitzuetako prezioak arautzea eta batzea, mailaketa eta ekitate irizpideak sartzea, eta erabiltzaileei gutxieneko bat bermatzea, nahierara erabil dezaten".

Ohiko politika publikoen kontra

Del Rioren arabera, batez ere diru sarrera baxuenak dituztenei egingo die mesede neurriak. "Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen %56k gutxiago ordainduko du", nabarmendu du. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,2 milioi eurotan murriztuko du ordainketa partekatua egoitzetan eta eguneko zentroetan. "Batere araututa ez dagoen sektore bat da, ezberdintasun asko dituena, zerbitzua ematen duen elkarte bakoitzak bere tarifak ezartzen baititu".

Rodriguezen aburuz, sarri askotan ez da bermatzen erabilera pertsonalerako kopuru zehatzik, eta salneurri finko bat jarri ohi da, erabiltzaileen diru sarrerak kontuan hartu gabe. Horrekin hautsi nahi izan Gipuzkoako Foru  Aldundiak, eta ordainketa partekatua "homogeneizatzeko" bideari ekin dio. "Mailaketako eta ekitateko irizpideak aintzat hartuta". Ohiko politika publiko orokorren kontrakotzat jo du neurria Rodriguezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.