Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EAJ

Gutxieneko pentsioak bermatzeko, 50 milioiko funtsa hitzeman dute

Gizarte Segurantza kudeatu nahi du EAJk: «Hemen kudeatzen dena askoz ere hobeto kudeatzen da»

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Gutxieneko pentsioak bermatu egin nahi ditu EAJk, eta horregatik, 50 milioi eurotako funtsa osatuko duela hitz eman zuen atzo Iñigo Urkullu lehendakarigaiak, Gasteizko hauteskunde ekitaldian. Zaharrek bizimodu duina izatea du helburu alderdi jeltzaleak, lehendakarigaiaren esanetan, eta bereziki pentsio txikiena dutenen eta alargunen egoerak kezkatzen ditu. «Gehiago bizi gara, baina duintasunez bizitzea bermatu behar dugu».

Gernikako Estatutuan jasotako eskumenak eskuratzeko xedearekin jarraitzen du Urkulluk, eta Gizarte Segurantzaren gestioa eskuratzeko eginahalak egingo dituela ohartarazi du. Gainera, PSE-EEren eta PPren kontra egin du eskumen hori eskuratuz gero pentsioak arriskuan egongo direla esanez «beldurra sartzen» ari direlako: «Euskaldunen pentsioentzat bermerik handiena haiek Euskadin kudeatzea da», esan zuen, «hemen kudeatzen dena askoz ere hobeto kudeatzen da».

Ekonomiaren kudeaketan gobernu «zorrotz eta eraginkorra» behar da Urkulluren irudiko. Industria politika berri bat defendatu du, enpresa babestuz, lehiakortasuna hobetuz, berrikuntzaren alde apustu eginaz, eta nazioartean zabaltzeko ahalegina eginez. «Lanpostuak galtzen ez jarraitzeko neurriak hartu behar ditugu, eta posible denean, lanpostuak sortzeari ekin behar diogu».

Gasteiz aurrera proiektua aurkeztu zuen Urkulluk Gasteizen atzo, Xabier Agirre Arabako zerrendaburuarekin batera egindako agerraldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.