Gutxieneko zerbitzuak %60 eta %70 artean ezarri dituzte Bilboko Metroan

Langileek gaurko batzarretan aztertu eta erabakiko dute biharko grebari eta datozen mobilizazioei buruz

Bilboko metrorako sarbideetako bat, aurtengo ekainaren 16an eginiko greba egunean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak %60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu biharko Bilboko Metroko langileen batzordeak antolatutako greba egunerako. Aldiz, garraio publikoak egunero eman ohi dituen zerbitzuen %70 emango ditu lau orduz; hain zuzen, 12:00etik eta 14:00era, eta 20:00etik 22:00era. Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen kopuruaren aurka helegitea jarriko duela jakinarazi du langile batzordeak, eta iragarri du urtarrilerako lanuzte gehiagora deituko duela.

Tren zerbitzuez gain, metroko gainontzeko eginbeharretako gutxieneko zerbitzuak zehaztu ditu Enplegu Sailak. Ezustekoei aurre egiteko, txanda bakoitzeko langile bat izango da beharrean 25 geltokitan: Basaurin, Etxebarrin, Boluetan; Santutxun; Bilboko alde zaharrean, Abandon, Moyuan, Indautxun, San Mamesen, Deustun, San Inazion, Gurutzetan, Barakaldon, Sestaon, Portugaleten, Santurtzin, Leioan, Areetan, Algortan, Bidezabalen, Ibarbengoan, Larrabasterran, Sopelan, Urdulizen, eta Plentzian. Gainera, bezeroen arretarako ohiko zerbitzuaren erdia bermatzeko agindu du Jaurlaritzak. Enplegu Sailaren arabera, enpresako zuzendaritzak greba egiteko asmorik ez duten langileekin osatu beharko ditu, ahal bada, gutxieneko zerbitzuak.

Jaurlaritzak San Tomas eguneko grebarako ezarritako zerbitzuekin bat ez datorrela ziurtatu du metroko langile batzordeak; hortaz, erabakiaren aurka helegitea jarriko duela iragarri du. Zerbitzuak «erabat neurrigabeak» direla azaldu du batzordeko presidente Rafa Valenciak. Halaber, urtarrilean lanuzte gehiagora deitzea proposatuko diete ordezkari sindikalek langileei; izan ere, Valenciak azaldu du enpresak ez diela langileei mobilizazioekin jarraitzea «beste aukerarik» uzten. Langileek gaur dute batzarra, eta bertan aztertu eta erabakiko dute biharko greba deialdiari eutsiko dioten.

LABek «gezurrak amaitzeko» eskatu die Bilboko Metroko agintariei, sindikatuak uste baitu agintari horien «gezurrek» eragin dutela indarrean dagoen lan gatazka: «Langileei, komunikabideei eta, finean, herritar guztiei gezurretan ari zaizkie». LABen iritziz, garraio enpresaren langileen egoerak erantzule ugari ditu: Eusko Jaurlaritza; Bizkaiko Foru Aldundia; Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburu eta sailburuorde Iñaki Arriola eta Ernesto Gasco; eta Bilboko Metroko kudeatzaile Iñaki Prego, Loly de Juan eta Jose Antonio Lopez. Besteak beste, beharginen eskubideak murriztea eta haien lan baldintzak okertzea egotzi die sindikatuak.

Baldintza «inbidiagarriak»

Herritarrei «inoiz ez bezalako xantaia» egitea leporatu die Bilboko Metroko kontseilari ordezkari Iñaki Pregok sindikatuei, eta erantsi du langileen batzordeak ez duela grebara deitzeko arrazoirik. Haren iritziz, metroko langileen lan baldintzak «inbidiagarriak» dira behargin askorentzat eta, hortaz, «ulertezina» iruditzen zaio garraio publikoko langileek grebara jotzea. Agerraldia egin zuen atzo Pregok, eta bertanjakinarazi zuenez, enpresak ehun segurtasun zaindari kontratatuko ditu geltokietarako sarbidea kontrolatzeko. Gainera, langile gabeziak sor dezakeen egoera kudeatzeko zailtasunak izanez gero, Pregok ez du baztertu Bilboko metro geltokiren batzuk ixtea. Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek, berriz, herritarrak «bahituak» balituzte bezala tratatzea leporatu die sindikatuei.

Grebak San Tomas azokara gerturatzeko arazoak eragin baditzake ere, Bilboko Udalak ez du autobus zerbitzua indartuko. Hala jakinarazi du garraio zinegotzi Asier Abaunzak. Aldiz, Renfek ohikoak baino 18.500 eserleku gehiago ahalbidetuko ditu aldiriko zerbitzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.