Karbala musulman xiiten hiri santuetako bat da. Izan ere, Hussein imana, Mahoma profetaren iloba, hiri hartan hil zuten 688. urtean. Ashura jaiak horixe ospatzen du: Hussein martiri gisa hil zutela.
Horregatik, urtero-urtero ehunka milaka musulman xiita biltzen dira Kerbalan Ashura ospatzeko. Gaurkoa, aspaldiko partez, xiitek Iraken festa hori murrizketarik gabe ospatu behar zuten aurreneko aldia zen —Saddam Husseinen erregimenak xiiten komunitate zabala zigortuta baitzeukan—, baina, azkenean, sarraskia bihurtu da. Irakeko agintariek eman dituzten azken datuen arabera, gutxienez 88 lagun hil dira Kerbalako kaleetan airez jaurti dituzten lehergailuek harrapatuta.
Bagdaden, berriz, lau leherketa izan dira Kadhimiya auzoko Khadem Imanarensantutegiaren inguruan, eta gutxienez, 58pertsona hil dira. Atentatu horiek ekintzaile suizidek egin dituztenetz ez dago argi. Kadhimiya auzoan musulman xiitak dira nagusi.
Eraso horien helburua Irakeko talde erlijiosoen arteko bizikidetza hondatzea dela azpimarratu dute Irakeko agintariek, eta Saddam Husseinen aldeko ekintzaileek egin dituztela diote.
Aurretik ere, Irakeko komunitate xiita hainbat erasoren jomuga izan da.
Horrenbestez, gaurkoa Irakeko indar okupatzaileek gerra amaitutzat jo zutenetik izan den sarraski handiena da. Aurrekoa, berriz, otsailaren 1ean gertatu zen. Ordukoan, Irbil hirian ehun bat lagun hil zituzten ekintzaile suizida banak eztandarazitako bi lehergailuek. Kurduak izan ziren eraso haren jomuga. Kurduak zein xiitak komunitate sunitaren mende egon ziren Saddam Hussein agintean izan zen bitartean.
Iraken okupazioa
Gutxienez 143 dira musulman xiiten kontra Bagdaden eta Kerbalan egin dituzten erasoetan hildakoak
Ashura jaia, beren erlijioko ekitaldi nagusietako bat, ari dira ospatzen musulman xiitak, baina Irakekoen ospakizuna odol festa bihurtu da. Izan ere, Bagdad hiriburuan zein Kerbala hiri santuan hainbat lehergailu eztandarazi dituzte Ashura ospatzen ari ziren musulman xiiten kontra. Irakeko agintariek emandako datuen arabera, gutxienez, 58 lagun hil dira Bagdaden izan diren leherketen ondorioz, eta Karbalan, 88 dira zenduak orain arteko kontaketaren arabera. Kerbalan lehergailuak jaurti egin dituzte; morteroak zein misilak aipatu dituzte agintariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu