Gutxienez beste sei ustezko etakideren bila dabil Polizia

Sei auto lapurtu zituzten tiroketaren aurretik, eta ihesean zihoazela atzeman zituen Poliziak

Agentziak
Paris
2010eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Bitarteko ugari jarri ditu Frantziak Jean-Serge Nerin polizia hil zen tiroketan parte hartu zuten ustezko etakideak atxilotzeko. Gutxienez sei lagun dira topatu eta atxilotu nahi dituztenak. Paris inguruko Dammarie-les-Lys herrian bigarren eskuko auto denda batetik sei auto harrapatu ostean gertatu zen tiroketa, eta Joseba Fernandez Aspurz ustezko etakidea atxilotu zuen Frantziako Poliziak. Hark ez beste guztiek ihes egitea lortu zuten.

Jean-Serge Nerin poliziaren hilketa eta Joseba Fernandez Aspurz ustezko etakidearen atxiloketa ekarri zituzten gertaerak nola jazo ziren ez dago batere argi. Izan ere, tiroketaren eta auto lapurretaren inguruan hainbat bertsio zabaldu dira. Azken orduan nagusitu den bertsioaren arabera, tiroketa hasi zenerako ustezko lau etakide atxilotuta zeuzkan Frantziako Poliziak.

Berri agentziek ikerketa iturriak aipatuz zabaldu dutenez, Polizia jakinaren gainean zegoen bigarren eskuko ibilgailuen denda batean lapurreta izan zela. Bigarren mailako bide baten bazterrean lau lagun ikusi zituen BMW markako eta zilindrada handiko beste horrenbeste autori bidoietatik gasolina botatzen, eta orduan, haiek identifikatzeari eta atxilotzeari ekin zioten. Iturri horien arabera, lau lagun horietako bati eskuburdinak ere jarri zizkioten -Joseba Fernandez Aspurzi-.

Egoera horretan zeudela beste bi auto agertu ziren -hiru edo lau lagun zeuden barruan-, eta, berri agentzien arabera, haiek hasi ziren tiro egiten. Bertsio horrek dioenez, tiroketaren ostean, bi autotan ihes egin zuten, hiru kenduta, gainerako ustezko etakide guztiek. Bik lasterka alde egin zuten, eta Joseba Fernandez Aspurz atxilotu egin zuten.

Tiroketan Jean-Serge Nerin polizia hil zuten, 52 urtekoa. Balen kontrako txalekoa jantzita zeraman tiroketaren unean, baina galtzarbetik sartu zitzaion bala, eta heriotza eragin. Zabaltzen ari diren berriak egiaztatzen badira, ETAk hildako aurreneko polizia frantsesa izango da Nerin. Izan ere, Frantziako Poliziaren kontrako frontea ez du inoiz zabalik izan erakunde armatuak.

Paristik 60 kilometro ingurura dago Dammarie-les-Lys herria, errepide eta autobidez inguratuta. Beraz, ihesean zihoazen ustezko etakideek errepidez «nahiko erraz» alde egiteko aukera zutela diote berri agentziek.

Eskuak lotuta

Berri agentziek zabaldu dutenez, 19:00etan hasi zen guztia, lapurretarekin. Iturri horien arabera, bi lagun sartu ziren auto kontzesionarioan, eta langile bat mehatxatu, lotu eta gatibu gisa hartu zuten. Beste bertsio batek dio auto dendatik alde egin zuen ibilgailu bat identifikatzen saiatu zela poliziaren patruila bat. Orduan beste ibilgailu bat iritsi zela dio bertsio horrek, eta tiroketa hasi zela.

Bertsioak bertsio, Parisko Auzitegiko Fiskaltzak ikerketa abiatu du gertatua argitzeko, eta Frantziako Polizia Judizialaren Terrorismoaren Kontrako Azpizuzendaritzarekin lotuta daramate auzia aurrera. Atxilotua ez ezik, tiroketako lekukoa izan daitekeen pertsona bat ere galdekatu zuten atzo, eta lapurreta izan zen auto kontzesionarioaren inguruetan ere arakatze lanetan ari dira. Poliziaren 25 auto eta dozenaka agente zeuden atzo arratsaldean, tiroketaren tokira iristeko bideak itxita, eta inguruetan hainbat kontrol.

Atxilotuaren identifikazioa ez ezik -Joseba Fernandez Aspurz-, tiroketaren tokian agertutako pistolak ere ETA egiten du susmagarri nagusi, Frantziako Poliziaren arabera. 357 Magnum kalibreko Smith and Wesson pistola bat atzeman zioten atxilotuari, eta, Frantziako Poliziaren arabera, ETAk 2006ko azaroan Vauverten harrapatutako armetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.