Osakidetzako helikoptero bat joan da lekura, baita anbulantzia ere. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azaldu duenez, txitxirioak egosten ari ziren presio eltze bat behar baino lehenago ireki dute, eta ondorioz gertatu da leherketa. Dena den, "zehazki" zer gertatu den ikertuko dute.
Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi du ikasleak direla zauritu guztiak. Larrien zauritutakoa emakumea da, O.H., 19 urtekoa, eta Gurutzetako ospitaleko erredura larrien unitatean dago, gorputzaren %14 erreta. Zaurituetako bi Baionako Ofizio Eskolako ikasleak dira, truke programa batean parte hartzen ari zirenak. Guztira 11 dira unibertsitate horretatik Leioara joan direnak, ikasketa praktikak egitera.
Gurutzetako ospitaleko mediku txostenaren arabera, zaurituek %3 eta %14 arteko erredurak dituzte. Zaurituetako beste bat O.B.T da, 19 urtekoa, eta %8an ditu erredurak. Beste biek 24 eta 22 urte dituzte —%6 eta %3ko erredurak dituzte, hurrenez hurren—.
Osasun arreta, "perfektua"
Cristina Uriarte sailburua Gurutzetako ospitalean izan da, eta adierazpenak egin ditu ondoren. Uriarteren arabera, halakoak "gertatu ohi dira" hezkuntza zentroetako laborategi eta tailerretan; hala ere, "ikara egundokoa" izan dela gaineratu du.
Uriartek azpimarratu du leherketa izan ondoren "nahiko azkar" jardun dutela zaurituak ospitalera eramateko, "bost minutu baino gutxiagoan", hain zuzen. Osasun arreta "perfektua" izan da, haren iritziz.
Txemi Santamaria Ostalaritza Eskolako zuzendariaren arabera, leherketa izan denean zaurituak segituan eraman dituzte dutxetara, erredurei ur hotza botatzeko. Santamariak gaineratu du eskolak zabalik daraman 30 urteetan gaurkoa izan dela ezbeharrik larriena.
EHUko campusean egon arren, Ostalaritza Eskola ez da EHUrena. Lanbide Heziketako zentroa da, eta, beraz, Jaurlaritzaren menpe dago.